atxiloketak

Atxilotutako bost lagunak aske uzteko eskatu dute Oiartzunen

Xabier Iragorri, Erramun Sagarzazu, Ramon Gaztelumendi eta Joakin Izagirre atxilotu dituzte goizean; arratsaldean, berriz, Itziar Iñarra. Aritxulegin "ETAko kideak gurtzeko leku bat sortzea" leporatu die Espainiako Barne Ministerioak. Beste sei lagunek Intxaurrondoko kuartelera deklaratzera joateko deia jaso dute: 16:30ean heldu eta 19:30erako atera dira. Udalak ezohiko udalbatzarra egin du, eta jendetza elkartu da manifestazioan.

2014ko ekainaren 3a
07:16
Entzun

Aritxulegiko Gudarien Basoa desegin du Guardia Zibilak, eta bost lagun atxilotu ditu, Haritz izeneko operazioan. 06:45 eta 07:15 artean izan dira lauren atxiloketak, euren etxeetan edo etxetik gertu, eta bosgarrena arratsaldean atzeman dute. Bihar deklaratuko dute: Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13:00etan. 

Halaber, arratsalderako sei lagun Intxaurrondoko kuartelera deklaratzera deitu ditu Guardia Zibilak: bost inputatu gisa eta bestea lekuko bezala. 16:30erako iritsi dira; ordezkari politiko eta sindikalen babesa izan dute, baita herritarrena ere. Seirak 19:30erako atera dira kuarteletik.

13:00etan elkarretaratze bat egin dute Oiartzunen, atxiloketak salatzeko. 16:00etan, Intxaurrondoko Txara eraikinean batu dira hainbat lagun. 19:00etan ezohiko udalbatzarra egin dute; Bilduko hautetsiak azaldu dira, EAJ eta H1!-ekoak ez. Udalak operazioa salatu du, eta atxilotuei eta beste seiei babesa agertu die. 20:00etan manifestazioa egin dute Oiartzunen. "Atxilotuak askatu" oihuak entzun dira.

Zuhaitzak kentzea

Espainiako Barne Ministerioak esan duenez, "hildako etakideak gurtzeko leku bat sortzea" egotzi die atxilotuei. Basoko zuhaitzak kendu eta lurren jabegoa ikertzeko agindua du Poliziak. Barne Ministerioaren esanetan, atxilotuek "hildako etakideen omenaldi iraunkorrerako leku enblematiko bat" sortzea zuten helburu, "haien memoria gorde, euren jarduera terrorista legitimatu eta taldearen ideiei eusteko".

Barne Ministerioak nabarmendu du martxoaren 9an Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon presoak zirenak omendu zituztela bertan, haritz bana landatu eta horietan bien izen-abizenak jarrita.

2006an eraso egin zieten landatutako zuhaitzei.

Errenteriako Udalak jakinarazi duenez, atxiloketen gaia aztertzeko bozeramaileen batzordea egin dute 11:30ean. Izan ere, atxilotuetako bat, Ramon Gaztelumendi, bertako langilea da. Iragorri Oiartzungo alkate izana da.

Lopez Peña eta Bellon

Arkaitz Bellon Elorrioko (Bizkaia) presoa Cadizko Puerto espetxean hilda aurkitu zuten otsailaren 5ean. 36 urte zituen, eta 2003ko uztailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, kale erasoetan parte hartzea egotzita.

Xabier Lopez Peña Parisko ospitale batean hil zen, 2013ko martxoaren 30ean. Arazo kardiobaskularrak zituen, eta bihotzekoak jota erietxeratu zuten. Egun batzuk geroago hil zen, eta familiak salatu zuen ez zuela haren heriotzaren berri izan bisitan joan zen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.