UPNk, PSNk eta PPk atzera bota dituzte Nafarroako 2012ko aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa guztiak, eta horrenbestez, aurrera doa aurrekontuen tramitazioa. Nafarroa Baik, Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak osoko zuzenketa bana aurkeztu zizkioten foru gobernuaren aurrekontu proiektuari.
Osoko bilkuran, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilariak esan zuen aurrekontuen proiektua zilegi dela Nafarroarentzat, eta babesa eskatu zuen 3.711 milioi euroko aurrekontuarentzat. Defizita %1,3ra jaistea du helburu Nafarroako Gobernuak aurten, eta horretarako urtea amaitu bitartean aurreikusita zeuden zenbait lan egin gabe utzi nahi ditu. Horrekin nahikoa izan beharko litzateke defizita murrizteko, baina diru sarrerak aldatu egingo direla esan zuen Yolanda Barcina presidenteak aurrekontuen eztabaida hasi baino lehen.
Osoko zuzenketak aurkeztu dituzten taldeek gogor kritikatu zuten gobernuaren aurrekontu egitasmoa. Aurrekontuak ez diola Nafarroari irtenbiderik emango adierazi zuen Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak. Areago, langabezia handitzeko, gizartean ezberdintasun gehiago sortzeko eta zerbitzu publikoak ahultzeko besterik ez dutela balio izango azpimarratu zuen. Haren ustez, UPNren ereduak«porrot» egin du, eta beste eredu bat beharrezkoa da.
Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko parlamentariak ere Nafarroan beste aurrekontu batzuk egitea posible dela aldarrikatu zuen. Gizartearen nahien araberakoak, «arduratsuak» eta«etorkizunari begiratzen» dioten aurrekontuak eskatu zituen Zabaletak. Gainera, murrizketak osasun arloan, gizarte politikan, kulturan eta inbertsioetan egingo direla salatu zuen.
Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramaileak salatu zuen «finantza espekulazioak» eta «politika neoliberalek» ekarri dutela krisialdia, eta horiek amaitu behar direla bertatik ateratzeko. Nuinek adierazi zuen aurrekontuek krisialdi eta langabezia handiagoa ekarriko dutela.
«Orekatuak» eta «errealak»
Kontrako ikuspuntua eman zuten UPNk, PSNk eta PPk.Carlos Garcia Adaneroren (UPN) ustetan, datorren urtekoaurrekontuek %2,95eko jaitsiera izatea «lorpen bat» da. Gainera, beste erkidego batzuetan egiten ari diren murrizketak ez daude Nafarroako Gobernuaren agendan, haren esanetan. Elkarrizketaren bidetik eta taldeen adostasunetik lortutako aurrekontu «errealak» direla nabarmendu zuen.
PSNk salatu zuen osoko zuzenketek «zorroztasun teknikorik» eta «oinarri politikorik» ez dutela. Juan Jose Lizarberen aburuz, aurrekontuak «orekatuak» dira, koalizio gobernu baten emaitza direlako, eta Nafarroako gizartearenbeharrizanei erantzuten diete.
PPko Ana Beltranen iritziz, ordea, aurrekontuek ez dute balio «zero defizita» lortzeko, eta ez dute saihesten zergak igotzea. «Neurritasun, zuhurtzia eta oreka handiago behar dira».
Atzera bota dituzte NaBai, Bildu eta IEren zuzenketak
PPk bat egin du UPN eta PSNrekin Nafarroako aurrekontuen osoko zuzenketen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu