1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimen aitorpena egiteko legea moldatzen duen arauari buruzko behin betiko bozketa egin zuten Eusko Legebiltzarreko iazko apirilaren 4ko osoko bilkuran. Bertan, ikusleen artean izan ziren polizia elkarteetako ordezkariak, eta keinuka aritu zitzaizkien EH Bildukoei. Besteak beste, polizia elkarteetako kide batek keinu bat egin zien, eskuarekin: J hizkiaren forma, pistola batena ere iradokitzen duena. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea ari zen hizketan, eta «erabateko arbuioa» agertu zien Espainiako segurtasun indarrei, eta «lobby nazkagarria» egitea egotzi zien segurtasun indarren biktimek aitorpenik izan ez dezaten.
Gero, behin eztabaida amaituta eta legea onartuta, Jusapoleko bozeramaile batek indarkeria tresna politiko gisa erabiltzea egotzi zien Arzuagari eta, oro har, EH Bilduri, eta ETArekin lotu zituen. Maiatzean, Gasteizko auzitegian salaketa aurkeztu zuen Arzuagak Jusapol eta Jucil sindikatuen aurka: «Delitu larri bat, alegia, indarkeria erabiltzea, egotzi zidan eta ETAko kide izatea ere leporatu zidan».
Epaiketa bihar ziren egitekoak, baina atzeratu egingo dute saioa. Izan ere, epaiketak ez ditu deitu akusatu guztiak deklaratzera, eta, ez liratekeenez denak egongo, akusazioak eskatu du saioa atzeratzeko.
Espainiako Poliziako SUP eta SPP sindikatuek ere auzitara jo zuten Arzuagaren aurka, apirilaren 4ko saioan Arzuagak Jusapol polizien elkartearen aurka esandakoak salatzeko. SPPk Estatuko fiskaltzaren aurrean aurkeztu zuen salaketa, «segurtasun indarrak iraintzea eta gutxiestea» egotzita. SUPek, berriz, kontziliazio saio bat erregistratu zuen Gasteizko epaitegi batean, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eskatu zion Arzuagari, «kalte moralengatik».