Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendaria da Aines Dufau (Amikuze, Nafarroa Beherea, 1965). Euskarazko ikas-materialak sortzen aritzen da zerbitzu hori. Ipar Euskal Herriko hezkuntzan euskarak zer egoera duen egunero ikusten du, eta ez da baikor mintzo. Egoera "mendrea" ikusi du.
Hezkuntzan pauso handiak eman ditu euskarak azken urteetan. Iparraldean ere hori du aurreratoki nagusia?
Bai, hezkuntza da sartze handiena gaur egun Iparraldean. Hala ere, galtze handi-handia bada sarreratik kateburura. %40 dira ama eskolan hasten euskaraz; bukaeran, haietatik %22 baizik ez dira batxilergoraino euskaraz heltzen. Beraz, %10era ere ez da heltzen portzentajea. Horietan badira murgiltze sistemakoak eta sail elebidunekoak. Eta sail elebidun erraten dugularik ez du erran nahi ikasle elebidun. Bistan da. Hizkuntza politika Iparraldean nagusiki finkatua da hezkuntza sailean.
%40 hasi eta laurdenek ere ez jarraitzeko, kemena galtzen dute?
Buraso anitz gogo onekoak dira hasieran: ama eskolan hastean, pentsatzen dute kuriositatez ongi dela beste mintzaira batean murgiltzea. Ez da berdin barnealdean eta BAM inguruan [Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkartea]; BAMen proposatzen baduzu ingelesa edo espainola —eta badira—, ongi hartuko dute. Gero gauza seriosak hasten dira, haurrak irakurtzen hasten direnean. Buraso anitzek badute halako beldurra. Beti konfiantzan eman behar dira, haurra gai izanen dela laguntza galdegiteko, zerbait ez badu ulertzen edo. Falta da, menturaz, lotura handiagoa eskolaren, burasoen eta haurren artean. Batez ere, eskola elebidun publikoetan. Ez da harrigarria: ez baldin bada ikaslea ongi antzinatzen, ez da harrigarria galtzea.
Prestigio falta ere maiz aipatu izan dute.
Hizkuntzak ez du prestigio handirik. Kuriositatez hasten ahal dira, eta borondate onez. Baina gero zer indar du hizkuntza horrek Angelun ibiltzen garelarik merkatu egunean plazan? Jende anitz-anitz gurutzatuko dugu, eta bakan dugu hitz bat ere entzunen euskaraz. Hizkuntzaren presentzia jendartean oso-oso murritza da.
Eskoletan zein da egoera?
Batetik, irakasleak izugarriko zailtasunetan dira formakuntzan, hizkuntza didaktikan. Lehen mailako ikasketak emateko masterra egina badute beste ikasgaietan —eta gehienak hala dira: zientzia, historia...—, hizkuntza saileko prestakuntza ere anitzek ez dute nahikoa. Eta izugarria da galdegiten zaiena: gai guziak euskaraz eta frantsesez landuak izan daitezen, irakurketatik hasiz. Sekulako desafioa da. Bestetik, ikasleak hasten direnean kolegioan, bigarren hezkuntzan, ez da parekotasunik: hizkuntza maila oso mendrea dute. A2 maila da helburua lehen hezkuntzan, eta ez dira iristen. Beraz, nola nahi duzu oso konplexuak diren nozioak ikastea, ez badira prestatuak? Nola segituko dute? Ez da harrigarria uztea.
Ikasleen maila da eragozpena?
A2 maila espero da lehen hezkuntzan. Egiazki, ulermena bada zerbait; hizkuntza praktika, aldiz, biziki ttipia. Eskoletan, salbuespenak salbuespen, ikasle sobera dira geletan ahozko praktikarik ere izan dadin. Oztopo handi-handiak dira.
Bigarren hezkuntzarako jauzia egitean nabaritzen da uzten dutela?
Bai. Adin horretan, gainera, nerabe bihurtzen dira, eta prestigio faltak eragiten du. Inkestak eginak izan dira sail elebidunetan, ikusteko zergatik galtzen den. Bada haurraren hautua, eta bada burasoena ere. Baldintzak ez dira norabidetuak eta bilduak euskaraz jarraitzera bultzatzeko.
Guraso frantsesen ikuspegia zein da?
Anitzek ikusiko dute plus bat dela ttipitik hizkuntza bat baino gehiagoren ikastea. Bada kulturalki integratzeko ere. Urteetan beste argudio bat ere bazen euskarazko sailetan hasteko: euskara ere ikasten zuenak bazituela baldintza hobeak, ikasle gutxiago ikasgelaka. Baina hori iraganeko kontua da. Eta ez du laguntzen.
Umeak eskolatzea bada gurasoekin lan egiteko aukera?
Bistan da. Hori anitz egiten da ikastoletan. Hezkuntza sistema orokorrean pentsatzen da biziki inportanta dela lankidetza hori: burasoak, eskolak eta haurrak. Euskararen aldetik hori egiten balitz gehiago, eta sail elebidunetan, bistan da baldintza askoz hobea litzatekeela denentzat.
Hezkuntzan izandako aurrerapausoa ikusirik, Iparraldeko galera eskoletatik orekatuko dela uste dute batzuek. Itxaropen hori baduzu?
Itxaropentsua dena da aldeko iritzia izatea. Hori azken urteetako datua da. Baina errealitatean, %20 inguru gara euskaldunak, eta herenak, 65 urtetik harat. Kantitatea jaisten den puntutik, kalitatea ere bai. Falta dena da zinez bultzada azkar-azkarra, anbizio handiko politikekin, ordezkatze fase horri buelta ematen hasteko, berriz orekatzen hasteko.
Ikasketak euskaraz amaitzen dituen %11 hori ez da aski orekatzeko?
Ez. Eta kalitatean ere ez. Euskal irakaskuntzan ari dira, baina bigarren mintzaira bezala daukate euskara. Naski murgiltze sisteman ere. Gero ez dira baitezpada hemen egonen ere ikasketak egiten, eta ez dituzte euskaraz eginen. Apaltze handi bat bada. Zer eska, bada? Transmisioa beren aldian berriz egiteko, jauzi kualitatiboa beharko da azkar eman.
Hezkuntza bera ez da aski.
Hezkuntza ere biziki apal da errealitatean, emaitzetan. Zenbat dira C1 maila lortzen dutenak? Hamarnaka kontatzen dira. Gero bada ingurumen osoa. Pario handi bat egiten da gaur egun, ttipiak behar direla euskarazko murgiltze sisteman sarrarazi; haurtzaindegietan ere bada labelizazio sistema bat, euskaraz harrera ukan dezaten ahal bezainbat. Nahi dut, noski. Baina gero inguramen osoa da bultzatu behar. Euskaltzaleek duela urte andana bat nahiko genuen, eta entseatu gara bide horretan, euskaldunak agerian ezartzea beren ofizioetan, ospitaleetan eta. Jendeekilako harremanetan egun guziz direnen artean ahozkotasuna izugarri inportanta da. Horretan oztopoa izan da. Ikurretan gaude, idatzizko mezuetan. Ahozkotasunera ez gara heldu. Zenbat denbora ez dugu galdu?
Euskaldunak ezkutuan dira, etxean soilik eginez euskara?
Eta lagunen artean. Hamarkadak pasatu dira non beharko zuten entzun: “Altxorra da zuek daukazuena. Transmititu behar duzue, eta horretarako behar dugu agerian eman euskaldunak zaretela”. Prestigio hori sentitu izan balute eta beren ofizioan ukan balute hori —ospitalean, supermerkatuan...—, ez ginen ibiliko atzerritarrak bezala gure herrian.
Atzerritar sentitu zarete?
Bistan da. Anitzetan deskubritzen duzu saltegiko norbait euskalduna dela beste norbaitekin euskaraz atzematen baituzu, agian elkar ezagutzen baitute soilki. Jende horiek euskaldunak direla ohartzen baikara, haiekin hasten gara euskaraz. Portugesak beren artean ari diren bezala. Atzerriko komunitate bat bezala: jendeak hautematen du ustekabetan norbait mintzaide duela, eta harekin hasten da bere mintzairan.
Bizi politikoan sartzen ari da euskara?
Herritar antolatuen kezka hartua da orain. Hautetsien Kontseiluari txosten bat aurkeztu berri dio Garapen Kontseiluak, 2014-2020rako ezarri beharreko lehentasunei buruz. Hizkuntzari doakionez, sekula ez da hain garbia izan. Bai diagnostikoan, bai proposamenetan. Nago ez ote den kontraerrana.
Zertan?
Gero baliabideak jartzean. Ikas, adibidez, diru publikoaren meneko da, postu publikoen meneko, euskarazko ikas-materialgintzan ez baita merkaturik. Administrazioak erraten du bistan dela behar dela bigarren mailako proiektu arduradun bat [orain ez dute]. Baina hitzarmenak idazterakoan, esaten dute ikusiko dela posible den. Bada kontraerran handi hori. Murrizketak badira alde guzietarik, baina gu behar baino biziki gutxiagorekin ibili gara. Edo sinesten da hizkuntza salbatuko dela Iparradean, edo ez da sinesten. Eta sinesten baldin bada, bultzada handia eman behar da. Bestenez, kontsideratzen ahal dugu gozoki hiltzen segitzeko gozagarriak direla.
Euskalgintza nola dago?
Egituratuak gara. Ongi artikulatuak. Guti gara, baina ahal den guzia egiten da alde horretarik. Kontuan hartu behar dugu etorkin anitz dagoela. Frantziako beste herrialdeetarik jendea saldo handian heldu da, eta desafio izugarria da horiek nola integratu mintzairaren partetik. Kontsideratzen da 17.000 sartuko direla hurrengo sei urteetan. Ikusten dugu eraikinak egiten eta egiten gure landetan edo BAM eskualdean; bizitegiak, anitz eta anitz. Euskalgintza gauza mendrea da datu horien aitzinean.
Jendearen babesa sentitzen duzue?
Ikusezinak gara, gehien-gehienetan. Badira sinpatiarekin so egiten dutenak, eta badira pentsatzen dutenak kario heldu garela. Azken inkesta soziolinguistikoek erakustera ematen dute ezaxola parte handi batean. Erdiz erdi badira baikorki so egiten dutenak. Baikorki, ez baldin bazaie indarrik galdegiten. Gaur egun dena gogo oneko gauza da.
Euskararen aurkako jarrerak ari dira malgutzen?
Bai, hain segur. Pentsatzen ahal da solas publikoak —hautetsienak— aldatu direla anitz azken hamabost urteetan. Azkarki. Bizkitartean, jendeari ez zaio indarrik ere galdegiten; beti erakargarri izan behar gara gu. Beti plus bat da hizkuntza denendako. Bide hori hartu da haurren bidez. Nehor ez da behartua, lanean adibidez, ingelesa edo espainola behar den bezala, euskararen ikastera. Urrun gara horretarik. Lehenik, ikasi nahi luketenendako behar da laguntza eman, formakuntza plantan jarri. Gaur egun hizkuntza politika horretan dago. Asetzen balitz hori, biziki ongi. Nik ez dut erraten jendearen behartzeak ondorio onik ekartzen duenik, baina jadanik plantan ezarri behar da nahiaren pizteko politika, eta, gero, nahi hori piztu eta jendeari eman behar zaio igurikitzen duena. Anitz-anitz dugu egiteko.