«Atzeak erakutsiko dizu aurrea nola dantzatu», dio esaera zaharrak. Horixe da Arnaldo Otegiren elkarrizketarekin osatutako El Tiempo de las luces liburuaren oinarria. Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak azaldu duenez, gaur egungoa ulertzeko atzera begiratzea, horrela egungo egoeraren potentzialitatea ulertzeko, eta etorkizunerako erronkez jabetzeko. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen esanetan, «tresna on eta baliagarria» da liburua Euskal Herrian «aldaketa politiko eta soziala» eragin nahi dutenentzat, baita ezker abertzalearen pentsamendu eta ibilbide politikoa ezagutu nahi dutenentzat ere. Fermin Munarriz liburuaren egilearen arabera, komunikazioa izateko liburu didaktiko bat ere bada, «bakerako bidean kide izan behar dutenek elkar ulertzeko». Otegiren hitzak baliatuz azaldu duenez, «urteetan elkar ulertu ezinera eraman gaituen gorraizearen murrua botatzeko».
Donostian aurkeztu zuten liburuaren gaztelaniazko bertsioa, atzo, Munarrizek eta Sotok. Rufi Etxeberriaz gain, politikako hainbat ordezkari izan ziren bertan. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar eta Ikerne Badiola EAkoak, Gema Zabaleta PSE-EEkoa—politika aktiboa utzi berri du—, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea, Eugenio Etxebeste, Fernando Etxegarai preso ohia, Angel Amigo zinemagilea eta beste hainbat. Han ziren Otegiren familiakoak eta lagunak ere, Juli Arregi emaztea eta Hodei Otegi semea, esate baterako.
Otegik liburuan esaten duenari ezker abertzalearen mezu ofizialaren izaera eman dio Etxeberriak. Izan ere, liburuan bi Otegi agertzen direla azaldu zuen: ezker abertzalearen bozeramailea, batetik, eta «ideologia sortzeko gaitasuna duen buruzagia», bestetik.
Etxeberriak ez du zalantzarik: «Testuinguru oso egokian» dator liburua, haren arabera, lan urte garrantzitsua izango baita aurtengoa. «Elkarrizketa garaia da. Gatazkari osotasunean heltzeko garaia». Nahi duenak liburuan topatuko ditu «hau guztia ulertzeko gakoak». Otegik etorkizunari «argi luzeekin» begiratzen diola nabarmendu du Etxeberriak, eta mezua bidali dio Otegiri berari: «Bidea ondo marraztuta zaukaagu, gure herriarekin inoiz baino bateratuago ari gaituk. Gogotsu eta indartsu. Aitorpena eta erabakitzeko eskubidea eskuratu, eta gure proiektu politikoa, Euskal Herri independente eta sozialista lortzeko. Hik ondo aipatzen duan moduan, irribarrearen Euskal Herria irabaziko diagu!».
17 elkarrizketa, sei hilabete
2006-2007an Loiolan eta Genevan izandako elkarrizketak ekarri zituen Txillarre baserriko juntadizoetan hasten da liburua, 2001ean. Eta, ordutik hona gertatutako guztiaz hitz egiten du Otegik, sei hilabetean idatziz erantzun dituen hamazazpi «galdetegi marduletan». Aho bizarrik gabe hitz egin duela azaldu du Munarrizek, «didaktikotasun handiz, argi eta garden».
Edozein kazetarik egin nahi lizkioken galderei erantzun diela dio egileak, eta herritarrek jakin nahi dutenaz ere hitz egiten duela. Otegik berak idatzi bezala jaso dituzte erantzunak, osorik. Elkarrizketatua preso egonik, «erdi sekretuan» eta idatziz erantzun behar izan die galderei. Horrek eta galdera-erantzunak halaxe jasotzeak «hoztasun puntu bat» ere ematen diola uste du egileak, baina hala ematea hobetsi dute, baldintza berezi horren «atmosfera» ere islatuta gelditu dadin.
Gauza askori buruz hitz egiten dute liburuan: 2006-2007ko prozesuaz, ezker abertzalearen barne eztabaidaz, biktimez, adiskidetzeaz, errelatoaz... Horretaz guztiaz hitz eginda Otegik «bizitzaren aurrean ardura handia» duela ondorioztatu du Munarrizek, eta ezker abertzaleko bozeramaileak berak erabiltzen duen esaldia jarri du horren adibide: «Iraultzaile batentzat ez dago kontzientzia baino epaiketa gogorragorik».
Atzokoa, gaurkoa eta biharkoa
Arnaldo Otegiren elkarrizketa liburua kaleratu dute, «egungo egoera eta etorkizuneko erronkak ulertzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu