Ikastolak

Aurkeztu dute Kilometroak 2019

‘Ni, hi, hura... ikastola mundura!’ lelopean antolatuko du Kilometroak jaia Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak. Urriaren 6an izango da.

Kilometroak aurkezteko ekitaldia, gaur, Zarautzen (Gipuzkoa). GORKA RUBIO, FOKU
2018ko azaroaren 30a
20:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte osoko lanari ekin diote Zarauzko (Gipuzkoa) Salbatore Mitxelena ikastolako kideek. 2019ko Kilometroak antolatzeko ardura dute, eta gaur egin dute aurkezpena. Urriaren 6an ospatuko dute jaia, Ni, hi, hura... ikastola mundura! lelopean. Datorren urtekoa izango da orain arteko jai ereduan ospatuko den azken Kilometroak festa. Martxan dute dagoeneko 2019ko ediziorako webgunea ere.

Zarauzko kiroldegian egin dute ekitaldia. Lehendabizikoz erakutsi dute logoa, eta antzerki bidez eman dute jakitera zein diren Kilometroetan jorratu nahi dituzten balioak. «Oinarrietatik etorkizuna lantzeko erronka» dutela adierazi dute parte hartzaileek. Ni, hi, hura fusioaren bitartez, «auzolana eta elkarlana» irudikatu nahi dute. Tradizioa eta modernitatea uztartzen saiatu dira, hainbat dantzen bidez. Prestatu dituzten jantzien lagin bat ere aurkeztu dute.

Etorkizunera begira

Ikastolarekin lotura duen jendea batzen ahalegindu dira aurkezpenean. Salbatore Mitxelenaren sorreran aritu ziren zenbait lagun izan dira. "Habia bat egin zioten euskarari", eta habia horretatik atera ziren ikuskizunean ikastolan hasi berri diren bi haur, lekukoa eskuan zutela. Azpimarratu duten Salbatore Mitxelena "munduratu den eta munduratzea helburu duen" ikastola dela. Herriko ordezkaritza ere gerturatu zen ikuskizunera; bai ordezkari politikoak, baita gizarte mugimenduetako kideak ere.

Hirugarrenez antolatuko ditu Kilometroak festa Salbatore Mitxelena ikastolak. 1987an egin zuen lehenbizikoz, eta 2004an Orioko ikastolarekin batera prestatu zuten bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.