Aurore Martin Espainiaratzeko nahia gaitzetsiko dute gaur Baionan

160 bat hautetsik eta eragile askok deitu dute Baionako Euskaldunen plazatik 16:00etan abiatuko den protestara

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Baionako Euskaldunen plazatik abiatuko da, 16:00etan, Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua gaitzesteko manifestazioa. Zuberotarraren Espainiaratze arriskua geroz eta hurbilago dela eta, militanteariadierazitako elkartasuna biderkatuz doa egunez egun.

Batasuna, AB, EA, Europe Ecologie-Berdeak, Askatasuna, Segi, LAB, ELB, Bizi, Sud-Solidaires, Giza Eskubideen Liga, Euskal Herriko Giza Eskubideen Aldeko Komiteak, EHZ, Anai Artea, Cimade, PCF, Parti de Gauche, NPA, PS, CGT, FSU (baionako adarra), CFDT (Ipar Euskal Herriko adarra), Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataforma, Attac eta Libertat eragileek dute besteak beste euroagindua salatu. «Okaztaturik eta haserre» agertu dira Ipar Euskal Herriko hautetsi andana bat, alderdi ezberdinetakoak, abertzale izan ala ez. Guztira 160 bat hautetsik dute «ezin onartuzko» prozedura hau bertan behera uztea exijitzen. Herriko etxeetatik hasi eta Europako Legebiltzarrera arte doa Martinen aldeko sostengua, tartean hiru eurodiputatu, Frantziako bi diputatu, Akitaniako sei kontseilari, hiru kontseilari nagusi eta 24 auzapez direla.

Nazio artean ere sentitu da kezka. Hala nola Nazioarteko, Europako eta Frantziako Giza Eskubideen ligek salatu zuten azaroaren 19an «defentsaren eskubideak eta norberaren askatasuna gutxi errespetatzen dituen» prozedura hori. Estatuen artean adosturiko «Justiziaren instrumentalizazioa» ikusten dute euroagindu horren gibelean, «aurkari politikoak isilarazteko helburuarekin».

Batasuneko kide gisa Bilbon, Agurainen (Araba) eta Iruñean egindako ekitaldiengatik onartu zuen azaroaren 23an Frantziako Justiziak Martinen kontrako euroagindua. Batasuneko kideak helegitea aurkezturik, Kasazio Auzitegiak ikertuko du kasua. Hori gaitzesteko, 16:00etarako finkatua da prozedura manifestazioa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.