GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Aurore Martinen aldeko ekintzak izan dira, egunez zein gauez

Donibane Lohizunen batutakoei oldartu zaie Polizia, eta gazte bat atxilotuta eraman dute

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Aurore Martin Batasuneko kideariburuzko elkartasun ekimenez josia izan zen atzoko eguna, eta gaua. 03:00etan hasi zen Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren karietara Martinen aurkako euroagindua salatzeko protesta eguna. Lucien Delgue Armendaritzeko (Nafarroa Beherea) auzapeza eta Iholdi-Oztibarre herri elkargoko presidentearen etxe aitzinean elkartu ziren hamabost bat lagun, bozgoragailuekin eta musikarekin. Arrabots handia eginez, hautetsiaren jarrera gaitzetsi zuten, horrek ez duelako Martinen euroaginduaren kontrako agiria izenpetu. Ordu erdi inguru iraun zuen protestak, baina hala eta guztiz ere ez zen etxetik atera.

07:00etan ekintza bera errepikatu zuten Ziburun (Lapurdi), Daniel Poulou Frantziako Legebiltzarreko diputatuaren etxe aitzinean, hark ere ez duelako prozedura salatu. Atera eta berretsi egin zuen ez duela agiria izenpetuko, «hautetsi bat justiziaren aferetan sartzea ez delako zilegi».

Egun guztian elkarretaratzeak eta manifestazioak egin zituzten. Baionan, Donapaleun, Donibane Garazin, Kanbon, Maulen eta Donibane Lohizunen. Han batutakoei oldartu egin zitzaien Polizia, eta Maite Etxeberri atxilotuta eraman zuten. Lagun batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten, gainera.

Autokarabana bat ere abiatu zen Baionatik Donibane Lohizunera. Bertan zutelako barda herriko kontseilua. Herri Berri taldeak prozedura horri buruz hitza hartu nahi zuen, Peyuco Duhart auzapezari egoerari buruz ihardukitzea eskatuz, baina Peio Etxeberri-Aintzarti ez zioten hitza hartzen utzi. Nolanahi ere, Michelle Alliot Marieri txostena ematea lortu zuen -hautetsia da-. Gaur, Frantziako Lillesen dute eginen protesta.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.