Paueko Kontseilu Nagusiaren bederatzi kontseilarik Aurore Martinen Espainiaratzeko atzo Parisko Kasazio Gorteak hartu zuen erabakia errefusatu dute erakunde horrek gaur goizean egin duen urteko bilkuran. Batasuneko kidearen euroagindu eskaera hizpide izan dute, eta hitza hartu ondoren, Jean Lassalle diputatu eta kontseilari zentrista, Jean-Jacques Lasserre, Pepela Mirande, Mixel Arhantzet eta Monique Larrange Lange Modemekoak, Kotte Ezenarro eta Guy Mondorge sozialistak, Max Brisson UMPkoa eta Alain Hiriart abertzalea Martin Espainiaratzearen aurka agertu dira.
"Guziz hunkiturik naiz, Batasunaren proposamenak ez ditut partekatzen, baina frantses hiritar bat estraditatzea ezin dut onartu", adierazi du Max Brisson UMPko buruak hitza hartu duenean. "Normalki ez ditut erabaki judizialen gainean nire iritziak azaltzen. Alta, erran nahi dut ezin dudala onartu frantses hiritar bat kanporatu izatea, nahiz eta Batasunaren proposamen politikoak ez didudan partekatzen", gaineratu du, Kazeta.info webguneak jaso duenez. Beste kontseilari batuen artean, Jean Castaing Kontseiluaren lehendakariak berak sostengatu du Brissonen adierazpena.
Parisko Kasazio Gorteak atzo hartu zuen erabakia, horren kontrako helegitea atzera bota ondoren. Euroagindua azaroaren 23an onartu zuen Paueko Auzitegiak eta zuberotarra datozen egunetan utziko dute Madrilgo Auzitegi Nazionalaren eskuetan. Lehen aldia da herritartasun frantsesa duen pertsona bat Espainiaratzearen alde agertzen dela Frantziako justizia. Batasuna Ipar Euskal Herrian legezkoa izan arren, "Espainian, 2005etik 2008ra erakunde terrorista batean parte hartzea" leporatu diote Martini, Bilbon, Agurainen (Araba) eta Iruñean hainbat ekitaldietan parte hartzeagatik.
Martinek lehenago ere izan zuen beste euroagindu eskaera bat, baina orduko horretan atzera bota zuten "argitasun eskasagatik". Oraingoan ere, hainbat eragilek prozedura salatu du, Batasuna Ipar Euskal Herrian legezkoa izanik, eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela argudiatuta; horien artean hautetsi, elkarte, alderdi politiko, sindikatu, kolektibo eta herritar ugari daude. Euroagindu eskaeran Baionan eta Uztaritzen (Lapurdi) egindako agerraldiengatik eta EHAKren ekitaldietan parte hartzeagatik ere eskatu zuen Espainiaratzea Auzitegi Nazionalak, baina argudio horiek atzera bota zituen Paueko Auzitegiak, lehen kasuan Batasuna legezkoa delako Iparraldean, eta bigarrenean agerraldi horiek izan zirenean EHAK legezkoa zelako oraindik Hegoaldean.
Politika
Aurore Martinen euroaginduaren aurka agertu dira bederatzi kontseilari Paueko Kontseilu Nagusiaren urteko bilkuran
Parisko Kasazio Gorteak atzo hartu zuen erabakia errefusatu dute Jean Lassalle diputatu eta kontseilari zentristak, Jean-Jacques Lasserre, Pepela Mirande, Mixel Arhantzet eta Monique Larrange Lange Modemekoek, Kotte Ezenarro eta Guy Mondorge sozialistek, Max Brisson UMPkoak eta Alain Hiriart abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu