«Neurri historikoa duen hausnarketaren» emaitza da atzo aurkeztutakoa, Rufi Etxebarriak lepo betetako aretoan ohartarazi zuenez. Ezker abertzaleak bi urtez egindako eztabaida prozesu sakonaren ondorio estrategikoa. Luzera begirakoa, eta atzera bueltarik ez duena. Bere helburu politikoak gauzatu ahal izateko eta bakean oinarritutako agertokia eraiki ahal izateko beharrezkotzat duen neurria. Ezker abertzalea legeztatzea «ezinbestekoa» dela da ezker abertzalearen beraren erabaki «burujabe eta autonomoaren emaitza», Etxeberriaren esanetan. Horretarako, beharrezko neurriak hartzea erabaki du, eta horregatik dio «inflexio puntua» adierazten duela: «Neurri historikoa duen hausnarketa baten aurrean gaude, eta gure norabidean aurreko eta ondorengo denbora finkatuko du».
Hortaz, ziurtatu du ezker abertzalearen «apustuan eta konpromisoan» ez dagoela ez «ihesbide literariorik ez eta mozorrotze interesaturik» ere. Zutik Euskal Herria txostenean oinarritutako «atzera biderik gabeko urrats erabakigarria eta koherentea» dela, «bake eta irtenbide demokratikoetan oinarrituriko agertokia eskuratzeko konpromisoari itsatsirik».
Helburuaren sakontasuna ikusirik, ezker abertzaleak «beharrezkoa den legeztapenaren aldeko sostengua» bultzatu nahi du, «legeztatzea ezinbestekoa baita atzera biderik gabeko bake eta normalizazio politiko mailakatuaren prozesuan aurrera egiteko». Bake eta normalizazio hori Euskal Herriko «indar politiko guztien arteko elkarrizketa eta negoziazioaren eskutik» etorriko dela azaldu du, eta bide hori egin ahal izateko dela garrantzitsua alderdi guztiak legezko izatea.
Etxebarriak azaldu du euskal herritarrek egin nahi duten edozein aldaketa politiko zein sozial «soilik herritarren borondatearen esku uztea» dela gakoa. Horren aldeko apustua egin duela ezker abertzaleak, eta «jokabide berbera» izan behar lukeela Espainiako Gobernuak. Gainerako eragile politikoei ere hitz egin die: egungo egoerari eta hartu beharreko neurriei buruz ezker abertzaleak egin duen sakontasun berarekin hausnartu dezatela eskatu die, «baldin eta bortxakeriak eta eskubideen zapuzketa pairatzen dituen gizarte bati irtenbide baketsuak eta demokratikoak eskaini nahi bazaizkio».
Bi urteotan egindako eztabaidatik hiru erabaki estrategiko nagusi hartu ditu ezker abertzaleak: «Bortxazko talka ezaugarritzat izan duen zikloari behin betirako ateak itxiko dizkion prozesu demokratikoaren aldeko apustua eta bide soilik demokratiko eta politikoen aldeko jarrera irmoa» hartzea; independentziarako bidean «aliantza politiko zabal eta eraginkorraren aldeko apustua» egitea; eta ezker abertzaleak aurretik izan dituen ereduak gainditzera eramango duen proiektu eta antolamendu berria osatzea.
Horretarako, «bide soilik politiko eta demokratikoekiko konpromiso irmoa» egin du publiko, eta Barne Ministerioan aurkeztuko dituen estatutuetan errefusatu egingo du «edonolako indarkeria eta mehatxu erabiltzea» eta «xede politikoak eskuratzeko bortxaketa erabiltzen duten erakundeekiko elkarkeria politikoa». ETAren indarkeria ere espresuki errefusatuko du, «zein-nahi delarik hartuko lukeen forma».
Bestalde, independentzia eta sozialismoa helburutzat «baieztatu» ditu Etxebarriak, eta aldaketa politiko zein sozialaren aldeko apustua azpimarratu. Bide horretan aurrera egin ahal izateko, «ezarri zaizkion lege betebeharrak betetzeko konpromisoa» hartu du.
Ezker abertzalearen alderdi berria
«Aurreko ereduekiko inflexio eta gainditze abiapuntua da»
Aldaketak herritarren nahiaren esku jarri dituela dio ezker abertzaleak, eta gauza bera egin dezala esan dio Espainiako GobernuariBakean eta normalizazioan aurrera egiteko legeztatzea ezinbestekoa dela ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu