«Gutxien dutenei kendu, gehien dutenek gehiago izan dezaten». Hala laburbildu ditu ezker abertzaleak 2011ko Nafarroako aurrekontuak. Gaur, Parlamentuan,CDNk, NaBaik eta Nafarroako Ezker Batuak aurrekontu proposamenari aurkeztutako osoko zuzenketak bozkatuko dituzte, osoko bilkuran; baina atzera botako dira, PSNk jada aurreratu baitu ez dituela babestuko. Horren inguruan, ezker abertzaleak salatu du aurrekontuak UPN eta PSNren arteko «truke hutsa» baino ez direla. UPNren politikak babestea egotzi dio PSNri, eta Madrilen PSOEren neurriei men egitea aurpegiratu dio UPNri.
Gogoan hartu du ezker abertzaleak 2011n aurten baino 221 milioi euro gutxiago gastatzea proposatu duela gobernuak, eta horietatik 85 milioi gastu sozialak liratekeela. Sanzek dena ondo doala esan arren Nafarroan 42.000 langabe daudela eta pobrezian dauden familien kopurua «handituz» doala gaitzetsi dute. Era berean, 230 gizarte taldek euren aurrekontuetan izandako murrizketa larriak salatu dituzte. «Sanferminetako Museoaren 7,5 milioiko aurrekontuarekin murrizketa hauek guztiak gaindituko lirateke, eta argi dago neurrigabeko proiektu hori giza beharren gainetik jartzen dela».
Ezker abertzalearen irudiko, zerga politikan gobernuak «uko egin dio iragan urteetan aberastu diren enpresa handiei emandako opariak berreskuratzeko zereginari», zeharkako zergak %18 igoko baitira, eta zuzenekoak, %4,2. Estatuari ordaindu beharreko kupoan PSNren irizpideak ezarriz gero 200 milioi euro ordaindu beharko direla salatu dute, aurrekontuen murrizketa %9 inguruan ezarriz. Aurrekontuak «goitik behera» aldatzeko beharra aldarrikatu du.
«Negargarriak dira»
PPko Santiago Cerverak gogor kritikatu ditu aurrekontuak. «Negargarriak dira, inork ez du aurrekontuotan sinesten». Krisia hasi zenetik gaur arte egindako politikak ez duela ezertarako balio uste du: «Galdutako bi urte izan dira».
Aurrekontuak UPN eta PSNren arteko «truke hutsa» direla dio ezker abertzaleak
Aurrekontuak «goitik behera» aldatzeko beharra azaldu du, 221 milioi euro gutxitu baita gastu publikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu