Eskari kopuruan beherakada txiki bat nabaritu dute. Guztira 18.312 umek eman dute izena datorren ikasturtean eskolan hasteko. Beherakada ez da handia, baina kontuan hartu behar da jaiotza kopurua aurreko urtekoa baino handiagoa izan zela iaz; hots, uste izatekoa zen zerbait gora egingo zuela izen-emate kopuruak.
Sarea kontuan hartuz gero, azken urteetako bilakaerak jarraitu egin du aurtengo aurrematrikulazioan ere: sare publikoan eskari gehiago izan dira itunpekoan baino. Iaz baino alde handixeagoak izan dira, gainera, bi sareen artean.
Eredua aztertuta, bistakoa da izen-emate berrietan euskarazko ereduak daukan nagusitasuna. Ikasle berrien artean, hamarretik zortziren irakats-hizkuntza euskara izango da datorren urtean. Urtez urte gorantz jarraitzen du D ereduak, nahiz eta urte batetik besterako igoera ez den handia. B ereduak zerbait behera egin du, eta A ereduak ere bai. Oso bazterreko eredua da gaztelania hutsezkoa: aurrematrikulazioan, %3k hautatu dute.