Bilbo eta Donostia aukeratu ditu Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Batzordeak urteroko bigarren bilera egiteko; bide batez, kapitalismoari zein indarkeria matxistari buruzko jardunaldietan parte hartu dute. Aurki hasiko dira 2015eko martxa prestatzen, baina Celia Alldridge (Kent, Ingalaterra, 1976) Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko Idazkaritzako kide eta Brasilgo militanteak iragarri duenez, andreen egoera okertzen ari dela antzeman dute martxa antolatuta dagoen 150 herrialdeetako errealitatea aztertzean: «Leku batzuetan atzerapauso handiak izan dira, batez ere militarizazioak gora egin duelako gatazkan dauden herrietan».
Zein ekarpen du Emakumeen Mundu Martxak mugimendu sozial gisa?
1995eko Pekingo Konferentziaren ostean, mugimendu feminista nazioarteko erakundeetan txertatu zenean, feminista antikapitalistek sentitzen zuten zerbait falta zela andreen antolakuntzan. Eta 1998an, martxa sortu zenean, bilatzen zuten hura aurkitu zuten. Instituzioen ildotik aldenduta garatu zen, nabarmenduta emakumeen bizitzak aldatzeko mundua aldatu behar dela, eta mundua aldatzeko emakumeen bizitzak aldatu behar direla. Arazoa egiturazkoa da, eta konponbideak ere hala behar du.
Eta zein eragin du emakumeen bizimoduan? Zein eragin izan zuen, adibidez, 2010ekoa Kongoko Errepublikan amaitzeak?
150 feminista joan ginen Bukavura, gatazkaren erdigunera, NBEk soldadu gehien dituen lekura. Gure bisitak hedabideen arreta erakarri zuen, eta erakundeei ezinezko bihurtu zitzaien gatazkari jaramonik ez egiten jarraitzea. Hango andreek ahotsa berreskuratu zuten. Azken egunean 20.000 emakume atera ziren Bukavuko kaleetara; pentsaezina zen halako gatazka gune batean, andreen rolak hain definituta egonda. Guk asko lantzen dugu emakumeen antolakuntza, trebakuntza politikoa, kolektibitatea... Ekintza bat, berez, mobilizatzea, kontzientzia hartzea... guretzat konkista handi bat da.
Eta zer irakaspen izan zen nazioarteko batzordearentzat?
Oso zirraragarria izan zen. Guretzat nazioarteko elkartasuna garatzeko abagunea izan zen, hango lagunak bakarrik senti ez zitezen. Eta denak gatazkaren parte garelako ideia lantzen lagundu zigun: gure herrietan gatazkarik ez badago ere, gure herrietako soldaduak edota multinazionalak nonbait egoteak gatazkaren parte bihurtzen gaitu.
Globala lokalera eramatea eta lokala globalean zentzudun bihurtzea da martxaren erronkarik handiena...
Bai. Elkartasunaren ideiak lotzen gaitu. Egun, kolonizazio prozesua multinazionalen bidez egiten da, hidroelektrikoen bidez, esaterako. Eta ezingo diegu aurre egin ez badugu ulertzen abagune global baten parte direla. Sistema globala den neurrian, gure borrokek ere globalak izan behar dute.Halere, martxak lau lan-ekintza esparru ditu —emakumeen kontrako indarkeria; lana eta autonomia ekonomikoa; ondasun komuna eta zerbitzu publikoak; eta bakea eta desmilitarizazioa—, eta koordinazio nazionalek egokien iruditzen zaien gaia landu dezakete.
Baina borroka batzuk beste batzuk baino larriagoak dira, ezta? Irango andre batek ez dauzka hemen badauzkagun oinarrizko eskubide batzuk...
Bai, inguruak oso diferenteak dira, baina borrokak uste dugun baino antzekoagoak dira. Adibidez, orain Europan abortuaren aurkako erasoaldi kontserbadorea dago, irabazitako eskubidea zen arren, eta Latinoamerikako leku askotan oraindik horren alde borrokatzen ari gara. Gorputzaren gaineko autonomia falta modu askotan gertatzen da, baina gabezia hori emakume guztiek dugu, zoritxarrez. Sexuaren araberako lan banaketa ere arazo globala da: hemen errazagoa da lan merkatura sartzea, baina oraindik gizonek baino gutxiago irabazten duzue, eta gainera etxeko eta zaintza lanez arduratu behar duzue... Gabezia horiek elkartzen gaituzte.
Europan, badirudi kapitalismoak iraun egingo duela, krisiak jarraitu arren. Zein alternatiba du feminismoak?
Krisi garaietan, zauritutako animalia batek bezala jokatzen du kapitalismoak: gehiago borrokatzen da iraun ahal izateko. Baina uste dut feminismoak alternatibak badituela. Emakumeak bakartzetik ateratzen ditu, antolatzen ditu, eta hori, berez, bada erresistentzia bat, ez ditugulako onartzen sistema kapitalista patriarkalaren balioak, ez dugu nahi ezarri bezala bizi. Feminismoak ez dauzka konponbide eta erantzun guztiak, baina nahi dugun mundua eraikitzen ari gara. Eta hor, adibidez, ekonomia feminista da gure oinarrietako bat, gizakia ekonomiaren erdigunean jartzea.
Andreen eskubide eta bizimoduetan izandako aurrerapausoei begira, uste duzu feminismoak aitorpena jaso duela? Agente politiko bihurtu dela?
Uste dut baietz. Hain justu, lorpenak izan ditugulako eragiten dugu hainbeste eragozpen. Nire aburuz, batzuek konkistak aitortu eta barneratzen dituzte, eta beste batzuek erantzun erreakzionarioa dute. Aurrera egiten dugun bakoitzean, sistemak mehatxatuta ikusten du bere burua, eta gure lekuan jartzeko tentazioa izaten du. Indarkeriak gora egitea da erreakzio bat. Brasilen, adibidez, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen kolektiboak eskubide formal asko lortu ditu, baina lesbianen aurkako erasoak hazi egin dira. Neurri batean, seinale bat da: borrokarekin jarraitu behar dugula adierazten digu.
Celia Alldridge. Emakumeen Mundu Martxako kidea
«Aurrera egitean, andreok 'gure lekuan' jartzeko tentazioa izaten du sistemak»
Euskal Herrian dira Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko Batzordeko ordezkariak. Tokian tokiko egoerak desberdinak dira, baina antzeman dute borrokak antzekoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu