MARTIN UGALDE FOROA

Aurrera egiteko, pausoak eman beharrean

Unai Hualde (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Iñigo Pascual (Ahal Dugu) eta Joseba Ezeolaza (Ezkerra) Nafarroako aldaketa politikoaz aritu dira hizketan Martin Ugalde Foroan. Zailtasun oroz gain, lauko akordioaren balioa goretsi dute. [youtube]https://youtu.be/MvQ7wN8KTlI[/youtube]

jon olano
2016ko azaroaren 16a
07:28
Entzun

Nafarroa, orain ala inoiz ez izenburupean, Nafarroako aldaketa politikoari bide eman dioten alderdietako kideekin solasaldia egin dute Martin Ugalde Foroan. Mahaiaren inguruan bildu dira Unai Hualde (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Iñigo Pascual (Ahal Dugu) eta Joseba Ezeolaza (Ezkerra). Gidari lanak Ion Orzaiz eta Joxerra Senar Nafarroa, orain ala inoiz ez liburuaren egileek egin dituzte.

Besteak beste, gobernu akordioa osatzeko negoziazioez galdetu diete. "Desadostasunak kudeatzeko ahaleginak" nabarmendu ditu Ezeolazak. Eztabaidarako foroak osatzearen garrantzia ere aipatu du: "Aldaketa gure burura ekarri behar dugu. Besteon lekuan jarri behar gara eta aniztasuna zaindu behar dugu". Pascualek, berriz, azpimarratu du "oso prozesu zaila" izan zen Ahal Dugurentzat: "Erabakiak hartzerakoan, eskuzabaltasun handia izan zen". Ruizek parte hartu zuen negoziazioetan: "Akordioak ahots asko ditu, desadostasun asko ere bai, baina hori ez da bere horretan txarra. Gai izan gara diferenteen artean akordio sakon bat lortzeko". Hualde ere izan zen elkarrizketetan: "Oso aberasgarria izan zen; ez soilik emaitzagatik, baizik eta metodologia bat hasi zelako".

Oro ez zen urre izan, ordea. Euskararen Legeari buruzko akordiorik lortu ez izana mingarria izan zela oroitu du Ruizek, esaterako. Hualdek aitortu du "desadostasunak" izan zirela gobernuaren lehen urtearen hasieran, eta Ezeolaza kritiko azaldu da UGT eta CCOO sindikatuak aldaketatik kanpo gelditu direlako.

Aurrera begira jarri dira laurak. Pascual: "Gauzak aldatzeko, aurrerapauso bat eman behar da. Adorea izango dugu?". Ezeolazak beharrezkotzat jo du desadostasunak normaltzat jotzea, eta "hegemonia kultural, politiko eta ekonomiko bati aurre" egin behar zaiola jarri du etorkizuneko jardunaren ardatzean. Hualderentzat, "iparorratza akordio programatikoa da", eta uste du aldaketarako "zutabeak" jarri direla lehen urtean. "Egiteaz" gain, "ongi kontatzea" ezinbestekotzat jo du. Azkenik, Ruizek  "konplexuak alde batera" utzi behar direla uste du, eta aldaketak gauzatzera deitu ditu akordiokideak.

2015eko maiatzaren 24an egin ziren Nafarroako Parlamenturako hausteskundeak, eta denbora luzez lurraldea kudeatu zuen UPN alderdiak toki egin behar izan zien erakundeetan ordura arte baztertutako alderdi politiko zein sektore sozialei. Geroztik, aldaketak aurrera egin du bere zailtasun, argi-ilun eta arriskuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.