Aurreztea da «garrantzitsuena» Wertentzat

Uda ondoren hasiko da Espainiako Gobernua hezkuntzan erreformak egiten; zaildu egingo du DBHko titulua lortzea

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Emaitzak eta egoera hobetzea ez, dirua aurreztea da Espainiako Hezkuntza ministroak esku artean duen egiteko nagusia. Jose Ignacio Wertek berak adierazi du: «Orain, garrantzitsuena aurreztea da; gero, hezkuntza erreformatzea izango da garrantzitsuena». Murrizketak izan ditu hizpide Efe berri agentziari emandako elkarrizketa batean. Defendatu egin ditu mozketak, eta esan du ez dutela eraginik izango kalitatean. Areago, ordea, neurri horietako batzuei eutsi egin nahi die PPk krisia igaro ondoren ere; unibertsitateko prezioak garestitu izana aipatu du Wertek horren adibide. Salatu du «guztia doan» izateko kultura zabaldu dela hezkuntzan, eta ohartarazi du unibertsitateak ezin duela doakoa izan.

Unibertsitatean, Erresuma Batua jarri du eredutzat: David Cameronek kaleak «sutu» egin zituela gogorarazi du, matrikulak nabarmen garestitu zituelako. Neurri egokia izan zen, Werten iritzirako: «Hango unibertsitate guztiak funtzionatzen ari dira, ez da ikasleen kopurua jaitsi, ekonomikoki orekatuta daude, eta gastu publikoa nabarmen jaitsi da».

Murrizketak gorabehera, hezkuntza zentralizatzea baztertu egin du ministroak; haren arabera, Espainiako Konstituzioak ez du hori egiteko biderik uzten.

Murrizketak bideratuta, uda ondorenean hasiko da hezkuntza sistema erreformatzen Espainiako Gobernua. Legea aldatuko du, eta, besteak beste, sistemaren egitura aldatuko: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak hiru urte izango ditu —orain lau ditu—, eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketak, hiru —orain bi—. DBHko titulua lortzeko ezarrita dauden baldintzak gogortzeko asmoa agertu du Wertek: «Berezia da norbaitek titulua atera ahal izatea ikasgai guztiak gainditu gabe izanda ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.