Aurten ere hondartzen edukiera kontrolatuko dute Donostian

Udalak atzo argitaratu zuen edukiera kontrolatuko dutenak kontratatzeko lehiaketa. Ekainaren 1etik aurrera ezarriko dute neurria.

Bi udaltzain Kontxako hondartzan (Donostia) iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko apirilaren 28a
08:40
Entzun

Hondartzetan joan den urtekoen antzeko irudiak ikusiko dira aurten ere. Euskal Herrian, 2020an, hondartza bakoitzari egokitutako hainbat sistema erabili zituzten edukiera kontrolatzeko —besteak beste, aplikazioen bidez—, eta jada badago aurtengorako prestatzen hasi denik: Donostiako Udalak atzo argitaratu zuen hondartzen edukiera kontrolatuko duten pertsonak hautatzeko lehiaketa.

Miguel Angel Diez zinegotziak azaldu zuenez, sistema joan den urtekoaren antzekoa izango da, baina aldaketa batekin: iaz uztailaren 1ean hasi ziren edukiera kontrolatzen, eta aurten ekainaren 1ean hasiko dira. Irailaren 15era arte mantenduko dute neurria indarrean. Udalak aurreikusia zuen aurten ere neurriak ezarri beharko zituela hondartzetan, are gehiago pandemiaren egungo bilakaera ikusita.

Donostiako hiru hondartzen edukiera Igeldo eta Urgull mendietan jarritako kamera sistema baten bidez neurtzen dute. Hala, herritarrei semaforoen edo banderen bidez jakinaraziko zaie hondartzaren egoera zein den, eta noiz daukaten debekatuta hondartzara sartzea gehienezko edukiera gainditu dutelako. Donostiako Udalaren webgunean ere begiratu ahalko da zein den hondartzen egoera.

 Atzo argitaratutako lehiaketak zehazten duenez, une oro zazpi izango dira hondartzetako sartu-irtenak kontrolatuko dituzten langileak, udaltzaingoarekin batera. Udalak 120.000 euro jarriko ditu horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.