Auto harrapatzeez hausnar dezagun izeneko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak, adineko pertsonen istripuak murrizteko. 64 urtetik gorako 1.500 herritarrek parte hartuko dute bertan, eta kontuz ibiltzeko zenbait ohitura har ditzaten nahi du Jaurlaritzak.
Kanpainaren hirugarren aldia izango da aurtengoa, eta atzo ezagutarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Amparo Lopezek. «Adineko pertsonak bide segurtasunean konprometitzea dugu helburu; pentsaraztea ohitura arriskutsuek eta seguruek izan ditzaketen ondorioez», adierazi zuen Lopezek. Horretaz gain, inguruan dituzten pertsonekiko «iritzi liderrak» izatea nahi du Jaurlaritzak. 36 saio egingo dituzte kanpaina osoan. Aurreko bi aldietan, 1.600 pertsona inguruk parte hartu zuten egitasmoan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2007tik 2011ra gertatutako auto harrapatzeen bilakaera gogora ekarri zuen Lopezek. 2007an, 24 pertsona hil ziren auto batek jota, eta horietatik hamalau ziren 64 urtetik gorakoak. 2011n, berriz, hamabost pertsona hil ziren ibilgailu batek jota, eta horietatik zortzik zituzten 64 urte baino gehiago. Aurten, bost pertsona zendu dira auto batek harrapatuta, eta denek zituzten 64 urtetik gora.
Hildako bat Iurretan
Pertsona bat zendu zen herenegun gauean Iurretan (Bizkaia), AP-8 errepidean, autoarekin bidesaria ordaintzeko postuaren kontra jota. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 01:30 aldera gertatu zen ezbeharra. Bidesarietako postuak babesten dituzten porlanezko horma baten kontra jo zuen 50 urteko gizonezko batek, Donostiarako noranzkoan zihoala. Ertzaintza ikertzen ari da zergatik gertatu zen istripua. Ibilgailuaren barnean geratu zen gizona atera ezinik, eta suhiltzaileen laguntzaz atera behar izan zuten hilotza.
Auto harrapatzeez gogoeta egingo dute
Jaurlaritzak kanpaina bat hasi du 64 urtetik gorako pertsonen istripuak murrizteko; aurten, bost hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu