AUTO ISTRIPUAK. 107 lagun hil ziren iaz Hego Euskal Herriko errepide sarean

Aurreko urtean baino sei lagun gutxiago hil ziren 2008an Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan

Garikoitz Goikoetxea.
2009ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Behera, baina mantsoago. Errepidean hildako lagunen kopurua jaitsi egin da Euskal Herrian 2008an, azken urteetako joerari jarraituz. 2007an, 113 lagun hil ziren Euskal Herriko errepideetan; 2008an, berriz, 107. Hartara, aurreko urteetako beherakadak jarraitu egin du joan den urtean ere, baina jaitsiera hori geldoagoa izan da.

Azken urteetan legez, Nafarroako errepideetan izan da hildako gehien, 46 lagun. Haren atzetik, Gipuzkoan 28 lagun hil dira; Bizkaian 18; eta Araban 23. Ipar Euskal Herriko datuak hilabete amaieran emango dituzte.

Errepidean istripuz hildako pertsonen kopurua urtez urte behera egiten ari da. 2000. urtean hasi zen behera egiten hildakoen kopurua -1999an jo zuen goia, 304 hildakorekin-, eta harrezkero hala jarraitzen du, nahiz azken urteetan joera hori motelagoa den. 2008an, 107 pertsona hil ziren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan; alegia, 2000. urtean baino 167 gutxiago -%60,90 gutxiago da hori-. Azken hamarkadan errepidean hildako kopuru txikiena izan da 2008koa.

Nafarroan 2007an baino bost lagun gutxiago hil dira 2008an; 43 lagun zendu ziren 2007an, eta 38 iaz. Urte amaierako datuengatik izan da jaitsiera, Nafarroako Gobernuaren arabera. Udan aurreko urtean baino lagun gehiago hil ziren herrialde hartako errepideetan. Heriotza gehien gertatu diren errepideak honako hauek izan dira: N-121 (3 hildako), N-121-A (5), A-1 (3), eta A-15 eta AP-15 (5).

Araban gora egin du hildakoen kopuruak. 2007an 22 lagunek galdu zuten bizia hango errepide sarean, eta 2008an 23 pertsonak. Hala ere, igoera hori ez da handia izan aurreko urteetatik datorren beherakadarekin alderatuz gero. 1998an, adibidez, 43 lagun hil ziren Arabako errepideetan. Heriotza gehien N-1 (7 hildako) eta A-625 (5) errepideetan gertatu ziren iaz.

Gipuzkoan 2007ko pertsona kopuru bera hil da 2008an: 28. Hildako kopurua jaisten ari da Gipuzkoan 2003tik, nahiz jaitsiera moteltzen ari den. 2003an, 61 lagun hil ziren herrialde hartako errepide sarean, eta 2004an, 36. Jaitsiera haren modukorik ez da izan harrezkero, baina urtero egin du behera kopuruak. Hildako gehienA-8 (8 hildako) eta N-1 (5) errepideetan izan dira.

Bizkaian, 20 lagun hil dira errepide sarean 2008an, aurreko urtean baino bi gutxiago. Bizkaian ere 2003tik 2004ra izan zen jaitsiera handiena -71 hildakotatik 39ra-, eta beherantz jarraitzen du, 2006. urtea kenduta. Hildako gehienak N-634 errepidean izan dira: sei -haietatik hiru istripu berean hil ziren-.

Datu horiek Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako errepide sare nagusian izandako heriotzak biltzen dituzte, eta haietatik kanpo geratzen dira mendiko bideetan eta hiri barruetan hildakoak -oinezkoak, gehienak-.

Lanean jarraitzeko deia

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adierazi dute egindako lanaren fruitua dela errepide istripuetan hildakoen kopurua jaistea. Hala ere, kopurua txikiagoa izateko lanean jarraitu behar dela adierazi dute.

Nafarroako Gobernuak gogorarazi du 2006. urtean bete zuela jada auto istripuen inguruan Europako Batasunak jarritako helburua: 2000. urtean izandako hildako kopurua erdira jaistea 2010ean. 2008an kopuru hori %61 jaistea lortu dela dio Sanzen gobernuak. Hildakoen kopurua iaz egindako sentsibilizazio kanpainei eta errepidearen hobekuntzei esker jaitsi dela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzak elkarlanaren ondorio jo du jaitsiera. «Lan horren ondorioz, errepidearen erabiltzaileak ohitura seguruagoak hartzen ari dira», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Zaurituak eragin dituzten istripuak %12 gutxitu dira EAEn, eta zauritu larriak eragin dituztenak %14.

Oraindik zer hobetua badagoela irizten diote agintariek. Javier Caballerok, Nafarroako Gobernuko Barne Saileko kontseilariak, adierazi du «biktima gehiegi» eragin dituztela errepideek 2008an. «Beharrezkoa da guztiok ahalegin handiagoa egitea, egingo den guztia gutxi izango da eta».



17 oinezko hil ziren iaz autoek harrapatuta Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez ditu hiri barruan hildakoen datuak eman, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxienez bederatzi oinezko hil ziren iazko abendura arte, ibilgailuren batek harrapatuta. Nafarroako Gobernuak, berriz, zortzi oinezko hil zirela jakinarazi du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin du automobilek harrapatutako oinezkoen kopuruak. 2007an 16 lagun hil ziren gisa horretan, iaz baino zazpi gehiago. Nafarroan, ostera, bost lagun hil ziren 2007an, iaz baino hiru gutxiago.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, biek adierazi dute oinezkoen harrapaketen aurka egiteko asmoa. Nafarroako Gobernuko Barne Saileko kontseilari Javier Caballeroren esanetan, «beharrezkoa da ahalegin handiagoa datu hori gutxitzeko, eta ekimenak aurrera eramatea hirien erdigunetik zirkulazioa kentzeko».





Juan Mari Lersundi Stop Accidentes elkarteko kidea
Errepide istripuz hildakoen kopurua behera egiten ari delako pozik daude Stop Accidentes elkarteko kideak. Oraindik zeregin asko daudela irizten diote, hezkuntzatik eta prebentziotik hasita.

«Ezin liteke gustura egon.Oraindik lan egin behar da»

G. Goikoetxea

Prebentzioaren alde dihardu lanean Stop Accidentes elkarteak, errepide istripuak saihesteko lanean. Hamar istriputatik bederatzi ekidin daitezkeela deritzote, eta horretarako bide segurtasunari garrantzi handiagoa eman behar zaiola uste dute. Elkartearen EAEko ordezkariak, Juan Mari Lersundik, 2008ko errepide istripuen balantzeaz duen iritzia eman du.

Errepide istripuz hil direnen kopuruak behera egin du 2008an ere. Emaitza onak direla deritzozue?

Hildakoak izanez gero, ezin liteke gustura egon. Urtez urte hildakoak jaisten ari direla ikusten dugu guk. 2000. urtetik hona ia erdiak baino gutxiago dira errepide istripuan hildakoak. Beheranzkoa da joera, eta horregatik, pozik gaude. Pozik, baina apur bat urduri ere bagaude, ez direlako hildakoak hainbeste gutxitu iaz. Oraindik lan egin behar da.

Azken urteotan errepide istripuz hildako lagunen kopurua zergatik jaitsi da?

Araudia, legea aldatu egin delako. Alde batetik, gehiago zigortzen ditu gidarien jarrera desegokiak, abiadura eta horrelakoak; puntukako gidabaimenarekin beldurtu egin da jendea. Bestalde, apurka-apurka jendea arduratzen ari da, edo behintzat gidatzea arrisku kausa bat dela ikusten du; ez dela, irten bidera, eta ahal den moduan ibiltzea. Agindu batzuk daude, eta haiek errespetatuz gero, denok hobeto gaude. Norberak bakarrik ez, irabazi egiten dugu denok. Mugikortasuna beharrezkoa da, baina segurua.

1999. urtean jo zuen goia errepidean hildako lagunen kopuruak. Geroztik jaisten jarraitzen du urtez urte, baina azken urteotan jaitsiera hori moteldu egin da. Zergatik gertatu da hori?

Beharbada, asko hasi zen jaisten, eta ez da erraza joera horri eustea. Akaso, beste prozesu bat behar litzateke, ez kopurua mantentzeko, baizik eta gutxitzeko. Eskandinavian-eta, hainbeste zigor jarri arren, hildakoak badituzte oraindik ere. Beharbada, hildako den-denak ezin dira kendu. Drogak hartuta errepidean ibiltzea eta horrelako kontuak salatzen ditu gure elkarteak. Hori, jendeak aparte egin beharrekoa da.

Jaitsiera horretan zerk izan du eragin handiagoa: kontzientziazioak ala legeak? Alegia, istripua izateko arriskuaz ohartzeak edo errepideko kontrolek eragin dute jendeak jarrera aldatzea?

Isunak. Errepideko kontrolak isun ekonomikoa dakar. Legea aldatuta, oraindik gehiago zigortzen da diru kopuru aldetik. Bestalde, gidabaimena hilabeteetarako kentzen dute, gidabaimeneko puntuak ere bai... Hori guztia kontuan hartuta, parrandara joaten denean, batek ez du edaten, eta hark gidatzen du. Gazteen artean ere onartu egin da hori.

Aurrera begira, zer-nolako neurrien alde egiten duzue?

Nik uste dut neurriak Europa osoan hartu behar direla. Askotan esaten da gu europarrak garela, baina europarrak izateko hango legeak-eta behar dira. Euskadin eta Espainian ez dira jartzen hainbeste isun abiadura desegokiagatik. Frantzian isun gehiago jartzen dira, eta lortu dute errepide istripuak gutxitzea.

Beraz, isunak eta zigorrak jartzea egoki ikusten duzue istripuei aurre egiteko?

Lehenengo eta behin, hezkuntza behar da. Eta gero, prebentzioa. Jendeak jakin behar du 100 kilometro orduko abiadurara joateak zein ondorio ekar ditzakeen. Istripua 50 edo 100 kilometro orduko abiaduran joanda izateak zein ondorio ekartzen duen. Ibilgailuen segurtasun neurriak probatzeko erabiltzen diren robotetan argi ikusten da hori. Askok esaten dute ez dutela izan istripurik. Baina izanez gero, beste bat izango lukete? Aurretik jakingo bagenu istripua izanda zein ondorio izango genituzkeen, hobeto jokatuko genuke. Baina hori ezin liteke.

Gidatzea arriskutsua da, baina egunero egiten dugu, eta ahaztu egiten dugu. Ez dut esaten beldurrez ibili behar denik errepidean. Baina abiadura, distantzia... errespetatu behar dira. Ikusi da eragina duela. Abiadura gutxitzen bada, istripua izateko arriskua ere gutxitu egiten da. Badaude istripuak, baina gutxiago. Hori jakin behar da.





4.987

Abendura arte EAEn alkohol tasa gaindituta atzemanak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan egindako alkohol probetan 4.987 gidarik eman zuten positibo iaz, abendura arte. 333 gidarik uko egin zioten proba egiteari. Guztira, 79.539 proba egin zituzten.





16

Alkohol tasa gaindituta, 2009an atzeman dituztenak. Urtea hasi eta astebetera, 16 lagun atxilotu dituzte Ertzaintzak eta Nafarroako Foru Poliziak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan, baimendutakoa baino alkohol tasa handiagoarekin.





Lapurdiko errepideetan hiru lagun hil ziren, gutxienez, iaz

Pirinio Atlantikoetan eta Ipar Euskal Herrian jaitsi egin da errepide ezbeharretan hildakoen kopurua, Pirinio Atlantikoetako errepideetako segurtasun arduradun Bernard Dufreneren aburuz. Bilana hilaren amaieran aurkeztuko da, baina iaz, gutxienez, hiru lagun hil ziren Lapurdin, Ziburun, istripu berean.





Autoa errepidetik irten eta 50 urteko gizon bat hil da Ugaon

Errepidean hildakoa eragin duen urteko lehen istripua Bizkaian gertatu zen, atzo, Ugaon. Basauriko 50 urteko gizon batek gidatzen zuen ibilgailua errepidetik irten zen, eta zubi baten kontra jo zuen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Istripuaren ondorioz, ibilgailuaren barruan harrapaturik gelditu zen gizonezkoa, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Larrialdietako osasun zerbitzuek hartu eta eraman zuten Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia), baina ezin izan zioten bizirik eutsi eta bertan hil zen. Istripua goizeko zortziak aldera gertatu zen, BI-625 errepidean, Ugao parean. Goizeko hamarrak laurden gutxi arte, itxita egon zen errepidearen bide bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.