Herrira mugimenduak auto karabanak antolatu ditu gaur eta bihar Zaballako espetxe atarian egingo den kandelen gauera joateko. Gaixotasun larriak dituzten hamalau presoak askatzeko eskatu nahian antolatu dute mobilizazioa espetxe aurrean. Han pasatuko dute gaua, kandelen argipean. Espetxe hartan dago gaixotasun larria duen euskal preso bat, Txus Martin.
Hainbat auto karabana joango dira bertara. Gasteiztik, esate baterako, 20:00etan abiatuko da, katedral aurretik. Urduñatik 19:30ean, suhiltzaileetatik; Amurriotik 19:15ean, errepide berritik; eta Laudiotik 19:00etan, Gardenetik.
Ezker abertzaleak ere kandelen gauean parte hartzeko deia egin du. Euskal presoen kontra ezartzen diren neurriak «salbuespenezkoak eta larriak» direla salatu du Maribi Ugarteburuk, eta gaixo daudenak preso mantentzea «are inhumano eta gordinetan gordinena» dela salatu du.
Ugarteburuk gogora ekarri du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Frantziako Estatua zigortu zuela otsailean, gaixo zegoen pertsona bat preso mantentzeagatik. Beraz, Giza Eskubideen Hitzarmena sinatuta daukatenez, hura betetzera behartuta daudela ohartarazi diete.
Gainera, gaixo dauden presoak askatzea «euskal jendartearen gehiengo erabatekoaren eskaria» dela azpimarratu du Ugarteburuk, baina Espainiako eta Frantziako gobernuek berean jarraitzen dutela salatu du. «Argi ikusten da modu bakarra egongo dela Frantziako eta Espainiako salbuespenezko kartzela politika ankerra desmuntatzeko: herritarren presioarekin jarraitzea».
Euskal presoak
Auto karabanak, Zaballako kandelen gauerako
Ezker abertzaleak kandelen gauean parte hartzera deitu du, gaixo dauden presoak askatzea eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu