Autoan sakelakoa darabiltenek zigor gogorragoa jasoko dute Iparraldean

Errepideko hainbat arau-hausteren isunak igotzeko dekretua onartu du Frantziako Gobernuak

Lapurdiko Urketa herrian jarritako radarra. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
Baiona
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Autoan sakelako telefonotik hitz egiteagatik ezarri beharreko isunak gogortu dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: 35 eurotik 135era igaroko dira gaurtik aurrera. Frantziako Gobernuak igo egin ditu errepidean eginiko hainbat arau-hausterengatik ezarritako zigorrak, eta, besteak beste, radarrak hautematen dituen aparailu bat autoan daramatenei 1.500 euroko isuna ezarriko diete. Gainera, tresna hori izanez gero, gidariari sei puntu kenduko dizkiote gidabaimenetik.

Frantziako exekutiboak atzo onartu zuen zirkulazioko arau-hauste ugariren zigorrak gogortzeko dekretua. Dekretu hori gaur sartuko da indarrean. Hain zuzen, radarrak aurkitzeko tresnei dagokienez, horiek «eramatea edo erabiltzea» debekatu du gobernuak. Gidariek 1.500 euroko isuna ordaindu eta gidabaimeneko sei puntu galtzeaz gain, Poliziak aparailua konfiskatuko du. Tresna horien fabrikatzaileek, ordea, produktua saltzen jarraitu ahal izango dute. Horretarako, aldaketa batzuk egin beharko dituzte detektagailuan. Soilik arriskutsuak izan daitezkeen bideetan dauden radarrak antzeman ahal izango dituzte aparailuek.

Gidatzerakoan sakelako telefonoa erabiltzen dutenek ere orain artekoa baino isun gogorragoa jasoko dute. 35 euroko zigorra 135 eurora igo da, gidabaimeneko hiru puntu galtzeaz gain —bi galtzen ziren orain arte—. Halere, esku libreko telefonoa erabili ahal izango da. Horrez gain, gidariek ezin izango dute ikusteko eremuan GPSa ez den beste pantailarik eraman. Debeku horrek aintzat hartzen ditu bideo jokoak, ordenagailuak, smartphone-ak eta telebista pantailak. Besterik badaramate, 1.500 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta gidabaimeneko hiru puntu galduko dituzte —135 euro eta bi puntu galtzea zen orain arteko zigorra—.

Zigorrek gora bazterbideetan

Bazterbideetatik joateagatik ezarritako isunen zenbatekoak gora egingo du gaurtik aurrera. Zigorrak 35 eurokoak ziren orain arte, baina 135 eurora igo ditu gobernuak. Gidabaimenari ere eragingo dio bazterbideetatik joateak; puntu bat kenduko diete errepide bazterretik doazenei. Aldaketa horiek moto gidariengan ere eragingo dute: 2013. urtetik aurreraislatzaileak eraman beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.