Autobiak erabiltzeagatik ordaintzea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Ugartek ez du zehaztu Beasain-Durango, N-1 eta A-15 errepideetarako zein ordainketa sistema bultzatuko duten

Autoak eta kamioiak N-1 errepidean, Andoainen. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
N-1, A-15 eta GI-632 —Beasain eta Durango artekoa— errepideak ordainpekoak izatea. Horixe proposatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, errepideen finantzaketari buruz Gipuzkoako Batzar Nagusietan egiten ari diren batzorde txostengilean. Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretarako diputatuak ez du zehaztu, dena den, zein ordainketa sistema bultzatuko duten. «Aurkeztu duguna proposamen teoriko bat da. Orain nahi dugu alderdi guztien artean eztabaida politiko bat izatea eta akordioak egitea». Baikor da Ugarte: «Alderdi guztiak ados gaude gauza batean: jende guztiak ordaindu egin behar du errepideak erabiltzeagatik». 2015a baino lehen jarriko litzateke indarrean neurria.

Atzo eman zuen proposamenaren berri Ugartek. Egoera «kezkagarria» dela nabarmendu zuen. «Errepide batzuk ia hondamendi teknikoan daude, eta beste batzuetan hobekuntzak egin behar dira Europako araudietara egokitzeko». Aurreko foru gobernuek aurrera eramandako kudeaketa salatu zuen. «Eraikuntza handiak egin dira, baina ez da behar adina inbertitu eraikita dauden errepideen mantenuan. 140 milioi euroko defizit historikoa dugu alor horretan. Gogoan izan behar da, gainera, Bidegik 900 milioiko zorra duela. Horrek etorkizunean har dezakegun edozein erabaki baldintzatuko du».

Egoera hori kontuan hartuta, egungo finantzaketa eredua ez dela nahikoa uste du diputatuak. «Zergen eta bidesarien ereduarekin ez gara gure helburuetara iristen. Gehiago bildu behar dugu, eta modu orekatuago batean».

Erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaintzearen printzipioa defendatu du Ugartek. «Ez da bidezkoa ordainketa sistema soilik errepide batzuetan jartzea, ezta ordaindu behar dutenak soilik kolektibo jakin batzuk izatea ere. Egun dauden injustiziak eta desorekak amaitu behar ditugu, eta garraio publikoaren erabilera sustatu». Hala, aurreko foru gobernuak Etxegaraten kamioientzat bidesaria ezartzeko zuen asmoa kritikatu du. «Bidegabea izateaz gain, dirua biltzeko ez zen sistemarik onena».

Europako araudiarekin bat etortzen den sistema ezarriko dute. «Gipuzkoako garraiolariekin leunagoa izan behar du, eta herrialdearen muga fiskalak errespetatu. Nazioarteko garraioa ezin da doan pasatu Gipuzkoatik. Baina guk ere finantzaketa neurrietan parte hartu behar dugu».

Bidegik pilatutako zorrari aurre egiteko finantza oreka bermatuko duen sistema bat behar dela azaldu du. «Baina hori ezin da egin gipuzkoarren poltsikoaren kontura».

Egun hainbat errepidetan dagoen zirkulazio pilaketa arintzeko balio izatea ere nahi dute, ibilgailuen arteko joan-etorria banatzeko. «Euskal Herriko barne zirkulazioa eta mugikortasuna bermatuko dituen sistema izan behar du. Iparraldetik eta Nafarroatik datozen bidaiariak ere kontuan hartu behar dira».

EAJri eta PSE-EEri kritika

Ezarriko duten ordainketa sistemaren inguruan ez du daturik eman Ugartek. Hainbat hedabidek, ordea, zabaldu dute litekeena dela N-1eko ordainlekua Andoainen jartzea. Ukatu egin du hori Bide Azpiegituretarako zuzendari Joseba Altubek. «Aukera hori ez dugu sekula mahai gainean izan. Fisikoki ezinezkoa da Andoainen ordainleku bat jartzea. Gainera, lurraldearen oreka lortu nahi dugu, eta, alde horretatik, han kokatzeak ez du zentzurik».

EAJk eta PSE-EEk batzorde txostengilean izandako jarrera kritikatu du Ugartek. «Eztabaida politikoa saihesten ahalegindu dira. Espero dugu hemendik aurrera guztien artean ados jartzea».

Ezkutuan ibiltzea egotzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari EAJko batzarkide Aintzane Oiarbidek. «Zergatik ez dute txosten teknikorik ezagutarazi? Zerbait ezkutatzen ari al dira? Axola dien bakarra da batzorde txostengiletik benetako iritzia eman gabe joatea». Plan zehatz bat egiteko eskatu dio Ugarteri. «Irizpiderik ezaren ondorioz, ez dute irtenbiderik aurkitzen. Eta atzerriko kamioilariek, berriz, gure errepideak erabiltzen jarraitzen dute, ezer ordaindu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.