Nafarroako eta Espainiako gobernuek zerga bat ordaindu beharko diete bidesaria duten autobideak pasatzen diren herriei. Nafarroan, AP-15 eta AP-68 errepideak pasatzen diren herriek jasoko dute dirua. Neurri horrek ez du eraginik izango, ordea, bidesaririk gabeko errepideak pasatzen diren herrietan.
Iruñeko administrazio epaitegiko 3. aretoak arrazoia eman dio Tuterako Udalari, eta aintzat hartu du bidesaria duten autobideak izatearen truke dirua jasotzeko eskaera. Neurria orokortuz gero, Erriberako hainbat herrik izango dute diru hori jasotzeko aukera, eta horretarako urratsak egiten hasi dira udal batzuk.
Epaiaren berri eman zuen herenegun Tuterako Udalak. Bi autobide igarotzen dira udalerri horretatik, eta 30 bat mila euro jasoko ditu urtean. Gainera, 2005etik 2009ra bitartean zerga hori jaso ez zuenez, pilatutako dirua ordaindu beharko diote Nafarroak eta Espainiak; orotara, 150.000 euro inguru. Horretarako, aintzat hartu behar da herri bakoitzak duen errepide metro kopurua, eta, beraz, diru kopurua ez da bera izango herri guztietan. Espainiako Gobernuari dagokio AP-68 errepidea pasatzen deneko herriei ordaintzea; Nafarroako Gobernuari eta Audenasa sozietateari, berriz, AP-15 errepidea duten herriei ordaintzea —%95 eta %5, hurrenez hurren—.
600.000 euro kamioilariei
Bizkaiko Foru Aldundiak iazko urrian garraiolariei agindu zien %35eko beherapena izango zutela Bilboko saihesbide zabaldu berriko bidesarian, eta gaur jarriko da indarrean neurri hori. Gainera, atzera eragina izango du, eta urriaren 15etik hona bidesaria ordaindu duten 25.000 kamioilariri 600.000 euro inguru itzuliko dizkie aldundiak.
Itziar Garamendi Bizkaiko Herri Lanetako eta Garraioko foru diputatuak eta Juan Mari Aburto aldundiko eledunak prentsaurreko bat egin zuten atzo, neurri horien berri emateko. Datu ugari jakinarazi zituen Garamendik: 1.900.000 ibilgailuk erabili dute errepide berria, eta 1.600.000 euro dira kamioiek bidesaritan ordaindu dutena. Milioi bat euro justu, orain garraiolariei itzuliko dieten dirua kenduz gero.
Iazko irailaren 10ean ireki zuten Bilboko hegoaldeko saihesbideko aurreneko zatia, eta diputazioak iragarritako kamioi kopuruaren herena baino ez da pasatzen bertatik: egunean 9.400 bat kamioi igarotzea espero zuen aldundiak, baina 3.200 eta 3.800 artean igarotzen dira batez beste.
Autobideren bat duten herriei zerga bat ordainduko die Nafarroak
Supersur errepidean %35eko beherapena dute garraiolariek gaurtik, iaz Bizkaiko Aldundiak agindu zuen legez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu