Euren ustez, instituzioak eta komunikabideak indarkeria patriarkalaren inguruan jarduten dutenean, emakumeak «biktima gisa» agertzen dituzte soilik. Horrek, indarkeriaren izatea «ezkutatzeaz» gainera, emakumeek euren burua defendatzeko duten gaitasuna eragozten duela uste dute. Hori ikusirik, Bilgune Feministak autodefentsa feminista landuko du. Azaldu dutenez, autodefentsa feministak emakumeen arteko elkartasuna eta antolakuntza ditu abiapuntu, eta, indarra, babesa, autoestimua eta konfiantza lantzen ditu. «Azken batean, bizi dugun errealitatearen aurrean emakumeok hartzen dugun jarrera da autodefentsa. Bizitzeko jarrera, gorputzarekiko adierazpen anitzetan azalarazten dugun jarrera, ahotsarekin eta begiradekin iradokitzen dugun jarrera, norberaren ezagutza eta mugak argi adierazteko baliagarri den jarrera da».
Indarkeria amaitzeko prebentzioa eta erantzuna ezinbestekoak direla esan du BFk, eta, horretarako, euren arabera, giltzarria da haurrei ume-umetatik etxean edota eskolan irakastea indarkeria sexistaren jatorria, botere harremanen eraginez sortutako mendekotasunaren existentzia eta emakumeen autodefentsarako gaitasuna.
Tortura sexistak
Emakumeen aurkako indarkeriak espresio anitz dituela nabarmendu du Bilgune Feministak, eta aurten bereziki salatu nahi dute hainbat atxiloketen ondorioz euskal herritarrek polizia etxeetan jasan dituzten «tortura sexistak», hala nola ukituak, makilarekin egindako mehatxuak eta polizien aurrean biluztuaraztea. Indarkeria mota horrek, ordea, komunikabideetan, instituzioetan eta gizartean oro har ez duela lanketa bera salatu dute. «Indarkeria mota hori ere sexu bereizketan oinarritzen da, besteak beste, emakumeak zapalduta iraunaraztea baitu helburu».
Bestalde, aurten genero indarkeriak hil dituen sei emakumeak gogoan izan ditu Bilgune Feministak, baita urria hasieran Zarautzen hilda agertutako umea ere. Euren ustez, kasu horrek agerian utzi zuen egungo lege eta neurriak ez direla nahikoak.
Mugimendu feministaren mobilizazioak
GIPUZKOADonostia. 19:30ean Bulebarretik manifestazioa abiatuko da.
Errenteria. 19:30ean, Niessenen, elkarretaratzea.
Irun. 19:00etan, Zabaltza plazan, elkarretaratzea.
Zarautz. 19:30ean, elkarretaratzea eta burrunba.
Azpeitia. 19:30ean, Herriko Plazan, elkarretaratzea.
Azkoitia. 19:30ean, Herriko Plazan, elkarretaratzea.
Zumaia. 20:00etan, Magnolioan, elkarretaratzea.
BIZKAIA
Bilbo. 19:30ean Arriaga plazatik manifestazioa abiatuko da.
Gernika. 19:00etan, Udaletxe plazan, elkarretaratzea.
Zornotza. 19:00etan, Herriko Plazan, elkarretaratzea.
Algorta. 20:00etan, Telletxen, elkarretaratzea.
Durango. 20:00etan, Andre Mari plazatik, manifestazioa.
Leioa. 18:30ean, bulebarrean, elkarretaratzea.
NAFARROA
Iruñea. 20:00etan, Gaztelu plazatik, manifestazioa.
Lizarra. 20:00etan, protesta.
Altsasu. 20:00etan, udaletxe aurrean, elkarretaratzea.
ARABA
Gasteiz. 19:30ean, Andre Mari Zuriaren plazatik manifestazioa.