Iñigo Cabacasen heriotza

Autopsiak baieztatu du ertzainen pilotakada batek hil zuela Cabacas

Aresek esan du ikerketa «sakona» egiten ari direla eta «erantzukizunak argituko» dituela, baina ez du dimisioaz hitz eginGaztearen senide eta lagunek informazioa biltzen segiko dute, gertatutakoa argitzeko

Maite Asensio Lozano, Aitziber Laskibar Lizarribar
Erandio<br /><br />Bilbo
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ertzaintzak gomazko pilota batekin emandako kolpeak eragin zion heriotza Iñigo Cabacas Lizeranzuri. 28 urteko gazte basauriarraren gorpuari egindako autopsiak senide eta adiskideen tesia egiaztatu zuen atzo arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek «erantzukizunak argituko» dituztela agindu eta ordu gutxira. Gaur izango da Cabacasen aldeko hileta elizkizuna, 19:30ean, Bilboko Poza kaleko Corpus Christi parrokian.

Joan den ostegun gauean zauritu zuten gaztea, Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan, eta astelehen eguerdian zendu zen, Basurtuko ospitalean. Burezurra hautsita zeukan, eta horrek kalte handia egin zizkion garunean, baita hemorragia bat ere; hiru egun koman eman ostean, esnatzen saiatu ziren medikuak herenegun, baina ordurako ez zegoen jardunik Cabacasen garunean.

Autopsiaren lehen txostenean baieztatu dute haren zauriak bat datozela Ertzaintzak erabiltzen dituen gomazko pilotekin; aldiz, ez du zehaztu zein distantziatara jaurti zioten, baina «metro gutxira» izan zela argitu dute. Cabacasen senideek adierazi dute autopsiak euren bertsioa «berresten» duela, baina «haserre» agertu dira, txostena prentsan filtratu delako: «Errespetu falta da, datuok jakiten interesatu nagusiak familia eta lagunak garelako». Ikerketa «gardena» galdegin dute, eta gertatutakoa argitzeko bidean «informazioa biltzen» jarraituko dutela berretsi dute.

Era berean, autopsiaren emaitza jakin berritan, «atsekabea» adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek: «Penagarria da horrelako gertakari deitoragarri batek kirol ospakizun bat iluntzea». «Doluminak eta elkartasuna» agertu zien senideei, eta Herrizaingo sailburuak hartutako «konpromisoa» babestu zuen, gertatutakoa argitze eta «halakorik berriro ez gertatzeko» neurriak hartze aldera.

Rodolfo Aresek azalpenak emango ditu bihar Eusko Legebiltzarrean, baina atzo ere prentsaren aurrean agertu zen. Autopsiaren emaitzen berri izan aurretik eta Cabacasen zauriak zerk eragin zituen jakin aurretik, adierazi zuen gertatutakoa «sakon» ikertzen ari direla Ertzaintzaren barruan: «Justiziarekin elkarlanean arituko gara, daukagun informazio guztia emango diogu, eta beharrezkoa bada, erantzukizunak argituko ditugu».

Aresen bertsio aldaketa

Halere, Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuten istiluei buruz Herrizaingo Sailak emandako bertsioa aldatu egin zen atzo. Maria Diaz de Haron lagun bat lurrean zaurituta zegoela jakinaraziz dei ugari jaso zituela adierazi zuen Jaurlaritzak hasieran, eta Ertzaintza hura laguntzera joan zela. Lekukoen testigantzen arabera, ordea, bi lagunen arteko liskarra baino ez zen izan, eta ez zegoen zauriturik poliziak heldu zirenean.

Baina Aresek atzo azaldu zuenez, ostegunean, 23:27an, dei bat jaso zuen SOS Deiak-ek, «biolento talde bat pertsona batzuei erasotzen ari zitzaiela esanez». Sailburuaren arabera, «pertsona haien existentzia frogatu» dute: euren kabuz alde egin zuten, baina gero salaketak jarri zituzten, eta zauriak artatu behar izan zizkieten.

Aresek errepikatu zuen ertzainei «gogor» eraso zietela kalean zeudenek. «Poliziaren esku hartzearen helburua zaurituengana heldu eta osasun laguntza ematea zen; horretarako, eta agenteen segurtasuna bermatzeko, abisu tiroak jaurti zituzten lehenik, eta gomazko pilotak gero».

23:41ean beste dei bat jaso zuen SOS Deiak-ek, laguntza medikoa eskatuz, lurrean pertsona bat baitzegoen, konorterik gabe eta odoletan: Iñigo Cabacas zen. «Ertzaintzak, bere baliabide guztiekin, eremua garbitu zuen, eta zerbitzu medikoek zauritua artatu ahal izan zuten, telefono deia gertatu eta zazpi minutura».

Aresek «samina» adierazi zuen gaztearen heriotzagatik, «inoiz gertatu behar ez zuen tragedia». Haren hitzetan, Herrizaingo Sailak «ez du inoiz baztertu zoritxarrez gomazko pilota baten inpaktuak eragin zizkionik zauri larriak», eta ikerketaren esku utzi zuen argitzea «horrela izan zen ala zauriak beste objektu batek eragin zizkion ». Izan ere, istiluak izandako lekuan borra luzagarri bat aurkitu zutela jakinarazi zuen, betiere autopsiaren emaitzak eduki aurretik.

Dimisio eskaerak

«Erantzukizunak argitu» egingo dituela behin eta berriro esan zuen Aresek, baina argitze hori nola egingo duten ez zuen zehaztu. Astelehenean EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ezker abertzaleak dimisioa eskatu zutelaeta, irmo mintzatu zen: «Sarraskijale politikoei ez diet erantzungo, gutxiago denbora askoan indarkeria babestu dutenei».

Edonola ere, sailburuak uko egin zion dimititzeko aukeraz hitz egiteari. Cabacasen heriotza pilotakada batek eragin zuela frogatuz gero kargua utziko duen galdetu ziotenean ere, ez zuen argitu: «Ikertzen jarraituko dugu, sakon, eta, beharrezkoa balitz, erantzukizunak argituko ditugu».

Dimisio eskaerak indartu egin dira autopsiaren emaitzekin. Datuok «oso larritzat» jo zituen atzo Aralarrek, eta «erantzukizun politiko zuzenak» exijitu zituen, azken asteotako ertzainen jokabideei erreparatuta: «Euskal Herrian beste era bateko indarkeriak gero eta urriagoak direnean, Ertzaintzak horrelako jarrera oldarkorra izatea ez da ulergarria».

Ezker abertzaleari, bestalde, ez diote konfiantzarik ematen Herrizaingo Sailaren ikerketek. «Denok dakigu polizien gehiegikerien inguruko ikerketak nola amaitzen diren», esan du Pernando Barrenak. Areago, gaztearen heriotzaren arduradunen bat akusatzea eta zigortzea lortuko balitz ere, horrek indultua eta kondekorazioa jasoko lukeen beldurra azaldu du. «Euskal Herrian edukiontzi batek pertsona baten bizitzak baino gehiago balio du». Cabacas ertzainek jaurtitako pilotakadak hil zuela seguru zegoen autopsiaren emaitzaren aurretik ere, eta EAJri zein PSE-EEri «ustez defendatu nahi dituzten herritarrei burura tiro egiten dien polizia eredua sortu izana» egotzi die.

PSE-EEk ezker abertzalearen aurka egin du. Cabacasen heriotza «eskrupulurik gabe politizatzea» leporatu dio Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, alderdiak Santurtzin duen egoitzan agertu diren pintaketen harira. Kanpoaldean Hiltzaileak eta Lotu zure zakurrak. Iñigo, gogoan zaitugu gazteleraz idatzirik zegoela agertu zen atzo PSE-EEren egoitza. Pastorren ustez, «Batasunaren munduak» gertaera «politika modurik zekenenean egiteko» erabiltzeak eragin ditu pintaketak.

Cabacasen heriotzaren erantzukizunak «noraino iristen diren» argitzea presazkoa dela adierazi du EAJk. Mikel Martinez legebiltzarkidearen esanetan, «benetan zer gertatu zen» jakiteko premia du hildakoaren familiak, eta azterketa «gardena» egiteko eskatu du. Ikerketek ematen dutenaren zain egon behar dela ohartarazi du.

Itxaroteko eskatu du PPk ere. Anton Danborenea legebiltzarkideak esan du Ertzaintzaren ikerketa dela gertaera argitzeko gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.