Bader Idrissiren heriotza ikertzen jarraitzen du Baionako polizia judizialak. Oraingoz, haren gorpuan ez da "kolperik" atzeman, Vuelta Simonenen hitzetan. "Eta, taser batek arrastoak uzten ditu", adierazi du. Prokuradoreak gaineratu duenez, Idrissi ospitalera eraman zutenean odol analisia egin zioten eta, behin-betiko emaitzak ez dituela zehaztu arren, Vuelta Simonek aurreratu du "kokaina eta kanabisa kontsumitu zituela".
Gizon gaztearen senideek, aldiz, polizien jokabideari leporatu diote Idrissiren heriotza, Euskal Irratietan egin dituzten adierazpenetan. Idrissiren aitaordeari adierazi diotenez, polizia gaztea atxilotzen saiatu zenean, ezin izan zuten hura geldiarazi. Taser pistola elektrikoak baliatu zituzten, eta horren ondorioz eman zion bihotzekoak, aitaordearen hitzetan. "Erran zidaten alde guzietara korrika ari zela, eta, horregatik, barra elektrikoarekin bi kolpe eman zizkiotela".
Bihar martxa isila egitekoa zuten Urruñako Pausu auzotik (Lapurdi) Hendaiako polizia etxeraino (Lapurdi), baina deitzaileei ez diete horretarako baimena eman. Debekua dela eta, elkarretaratzea egin dute, gaur, Hendaian, 15:30ean.