Auzi ekonomikoaren kronologia

enekoitz esnaola
2014ko urriaren 14a
08:08
Entzun

2003. URTEA

Otsailak 20. Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, operazioa ETArekin lotuta.



Urriak 16. Auziko bigarren operazioa izan zen. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.



Urriak 20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten, Etxeberria epaitegian zegoela.



Urriak 21. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.



2007. URTEA



Martxoak 29. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten.



Azaroak 28. Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.



2009. URTEA

Maiatzak 13. Hiru inputaturi auzi ekonomikoaz lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren —Torrealdai, Uria eta Auzmendiri—, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.

Abenduak 15. Egunkaria-ko auzi nagusiko epaiketaren hasiera, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.



Abenduak 19. Egunkaria auziaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Bilbon.



2010. URTEA

Apirilak 12. Auzi nagusiko epaia: Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez zegoela ebatzita. 



Maiatzak 5. Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak jakinarazi zuen auzitegi horrek ez zuela auzi ekonomikoaren epaiketa egingo, eta Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian “delitu terroristaren” zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, “ohiko delitua”.



2011. URTEA

Abenduak 26. Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen Auzitegi Nazionalak.


2014. URTEA

Apirilak 7. Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostian, Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Aldiz, zigor eskaerei eutsi zien fiskaltzak, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.

Maiatzak 23. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak auto batean jakinarazi zuen auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela, ustezko delituen preskripzioagatik (erabakia ekainaren 4an jakin zen). Fiskaltzak helegitea aurkezteko aukera zeukan.

Ekainak 17. Auzi ekonomikoa preskribatuta ez dagoelakoan, Gipuzkoako Fiskaltzak kasua ixtearen aurkako helegitea aurkeztu zuen ekainaren 11n (17an jakin zen berria). Auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratu zen. Defentsak helegitea inpugnatu zuen ekainaren bukaeran.

Ekainak 19. Auzipetuek auzi ekonomikoko fiskaltzaren jarrera salatu zuten, eta "bultzada politikoa eta atzerabidea" daudela ohartarazi. 

Irailak 18. Eragile eta herritarren ordezkaritza zabalak epaiketarik ez egiteko eskatu zuen Donostian egindako elkarretaratze batean.

Urriak 14. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak itxi egin du Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epailearen erabakia berretsita. Bukatu a, beraz, Egunkaria auzia –aurrez, 2010ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak itxiera kasuko epaiketan absoluzioa eman zuen—. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.