Eutanasia

Auzi legala bainoago, etikoa

Bonnemaison medikuaren kasuak berpiztu egin du eutanasiaren eztabaida, erietxeetan ohikoak baitira heriotzarekiko auzi etikoakLege berriez harago, profesionalak hobeto trebatu beharraz mintzo dira hainbat eragile

Nicolas Bonnemaison medikuaren lankideak hari sostengua erakusteko elkarretaratze batean, iragan astearte honetan. GAIZKA IROZ.
Arantxa Iraola-Nora Arbelbide
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Nire proposamena da hurrengo presidentetzarako bozen ostean gaiari buruzko eztabaida publiko handi bat sustatzea». Jean Leonettiren hitzak dira. Medikua da, eta politikaria; egun, Europako Gaietarako ministroa. Ahotan duen «gaia» eutanasia da, egunotan indartsu berpiztu baita horri buruzko eztabaida, Nicolas Bonnemaison medikuaren auziaren karietara: Baionan ustez eriak pozoitzeagatik atxilotu zuten. Leonetti gidari zela idatzi zuten egun Frantzian erien bizitzaren bukaerakoak arautzeko indarrean dagoen legea, 2005ekoa. Haren izenarekin da, hain justu, ezaguna: Leonetti legea esaten diote. Sendabiderik gabeko eriei bidea ematen die bizitza luzatzea dakarten tratamenduak bertan behera uztea. Mediku talde batek onetsi behar du erabakia, era kontrolatu batean. Eutanasia aktiboa eta lagundutako suizidioa ez ditu baimentzen, ordea. Espainiak ere ez ditu inoiz legeztatu. 2002an Gaixoaren Autonomiaren Legea onartu zuen; gaixoari askatasuna ematen dio eskaintzen zaizkion bide klinikoen artean hautatzeko, eta, nahi izanez gero, medikuari azalpenik eman gabe, tratamendu bati uko egiteko. Eutanasia aktiboa eta lagundutako suizidioa ez ditu baimentzen, ordea. Zaintza aringarriak eta heriotza duina arautzeko prestaturiko lege berrian ere—Espainiako Gobernuak maiatzean onartu zuen aurreproiektua— ez dira aintzat hartzen. Zenbait talde irmo ari dira eskubide hori arautzearen alde. Badira, legeez harago, giltza «kultura bioetikoan» sakontzea dela dioten eragileak ere.

Koldo Martinez medikuak Nafarroako Ospitalean dihardu. Horrez gain, Bioetika Oinarrizko eta Klinikoko Elkarteko presidentea da. Legeen edukiari baino gehiago legeen «praktikari» erreparatu behar zaiola dio. Egun, esaterako, Espainiak eta foru erkidegoek indarrean jarriak dituzten legeak aski tresna erabilgarriak izan daitezkeela uste du: «Gaur egungo legeekin, kasurik gehienetan, heriotza on bat lor daiteke». Osasun profesionalen prestaketa maila, aldiz, oro har, traketsa dela dio. «Ez daude trebaturik, eta beldur izaten dira...». Gizarteak ere prestatu egin behar duela uste du. «Kultura bioetiko handiagoa behar da gizartearen eta profesionalen aldetik».

Ulergarria iruditzen zaio, hala ere, medikuek, sarri, bizitzaren amaierako auziekin izaten duten egonezina. «Medikuntza ez da zientzia zehatza, eta hainbat neurri hartzea oso zaila da emozionalki eta intelektualki». Kasuan-kasuan zalantzak eta kezkak ugariak izaten direla dio, eta legeak, bere horretan, «orokorregiak». Halako auziak ondo konpontzeko giltzarria eriaren, medikuaren eta senitartekoen arteko «komunikazioa» dela esan du. «Komunikazioa ona bada, beldurrak desagertu egiten dira». Hartara, mediku eta erien arteko harremanak «horizontal bihurtze» aldera azkenaldian egin diren urratsetan aurrera jarraitu behar dela uste du. «Eta horrek gogoeta etiko batetik etorri behar du».

Bat dator horretan Antonio Casado, EHUko irakaslea eta Donostiako Ospitaleko Etika Asistentzialaren Batzordeko idazkaria. Batzordeak Baionako kasu konkretua aztertzeko modurik izan ez duela eta, modu pertsonalean plazaratu nahi izan du iritzia. «Lagunduriko suizidioa eta eutanasia arautzeko beharra dagoelakoan nago, baina ez dut uste tenorea heldu zaigunik», dio. «Heriotzaren inguruan, arauez gain, beste gauza batzuk behar ditugu: kultura bioetikoa, eztabaida publikoa eta gizarte baliabideak, besteak beste».

Erietxeetako eguneroko jarduna ondo ezagutzen du Casadok, eta heriotzaren inguruko auzi etikoak ohikoak izaten direla dio. «Batzordera iristen zaizkigun kontsulten artean asko dira bizitzaren amaieraren ingurukoak. Gai horietan espezializatuta dagoen azpitalde bat daukagu». Kezkati ikusten ditu sarri osagileak: «Asko aldatu da osasun profesionalen rola azken urteotan, eta ezinegon handia dago horien artean». Hori konpontzeko, ordea, beste lege bat baino zerbait gehiago behar dela uste du. «Legea ez da panazea. Beste lege bat hutsala izan daiteke, kultura bioetiko sendoa ez denean. Gauza bat da legea; bestea, eguneroko harreman asistentzialak, gure ospitaleetako ohiturak eta azpiegiturak», azaldu du. «Osasun sistema errealitate oso konplexua dugu, botere harremanez eta aurreiritziz josia. Legea betearazteko, heziketa lan itzela egin behar dugu osasun alorrean».

Bizi testamentuak

Egun bizitzaren azken unekoak aurrez lotzeko erabil daitezkeen tresna bat dira bizi testamentuak. Hego zein Ipar Euskal Herriko herritarrek aukera dute, aurrez, unea heldu aurretik, zer tratamendu klase nahi duten ebazteko. Iaz jakinarazitako azken datuen arabera, 7.000 pertsonak baino gehiagok egin dute urrats hori Hegoaldean. Kopurua baxua dela deritzo Casadok: «Nire ustez, hori da heziketa lanetan helmugatik urrun gauden seinale». Iritzi berekoa da Martinez: jendea ez dago aski prestatua. «Eta kalitate urriko testuak izaten dira», dio. «Asko, orokorregiak»: aplikatzeko oso lausoak. «Beste asko zehatzegiak»: aplikatzen ezinezkoak. Era horretako arazoak saiheste aldera mediku eta gaixoen arteko informazioa eta komunikazioa hobetu behar dela dio. Kultura bioetikoaren ildoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.