Sorturen legeztatze prozesua. Espainiako Auzitegi Goreneko auzi saioa

Auzi politikoetan politikariek aritu behar dutela dio EAJk

Alderdi sozialistako ordezkariek auzitegien garaia dela esan, eta erabakia errespetatzeko eskatu die alderdi denei

Sortu alderdiaren legalizazioaren alde iragan otsailaren 19an Bilbon egin zen manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Asko izan dira Auzitegi Goneneko 61. Sala berezia Sorturen legeztapena aztertzen hasi den unean auziari buruz mintzatu diren politikariak. Auzia epaileen esku utzi behar dela esaten indar egin dute Alderdi Sozialistako ordezkariek. EAJko Andoni Ortuzarrek, berriz, auzi politikoetan politikariek zeresana izan behar dutela ohartarazi du.

«Normalizazioa eskuekin ukitu dezakegun une honetan, eskuak garbitzen ari garela dirudi eta dena auzitegien esku uzten ari garela; gai honetan azken urteotan denetarik egin duten auzitegien esku. Kontuz dena auzitegiei ematearekin, auzi politikoek garapen politikoa ere izan behar baitute», esan du Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak.

Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea ere mintzatu da gaiari buruz, baina edukietan sartu gabe. Sortu «bidearen amaieran» legeztatuko duten esperantza duela adierazi du, baina bide hori seguruenik ez dela Auzitegi Gorenean amaituko ohartarazita. Azken hitza Auzitegi Konstituzionalak emango duela uste du Erkorekak, Gorenak hartzen duen erabakiaren aurka daudenek ebazpen horri helegitea aurkeztuko diotela seguru baitago.

Gaiari buruz publikoki mintzatu diren ordezkari sozialista guztiek mezu bera eman zuten atzokoan: auzitegiek esaten dutenari itxaron behar zaiola, eta hartzen duten erabakia errespetatu eta bete behar dela. Areago, PSOEk Europako Parlamentuan duen ordezkaritzaren presidente Juan Fernando Lopez Aguilarrek, auzia politikatik bereizteko eskatu du: «Politikari ez dagokio auzitegiaren erabakian eragitea, erabaki hori egokia izango den konfiantza izatea baizik».

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatuko dutela «argi» esateko eskatu die alderdi guztiei. EAJ espresuki aipatu du, «hauteskunde- kalkulagailua eskutan duela» ari dela aurpegiratzeko.

«Justiziaren garaia da, eta beraz, Gobernuari isilik egotea eta zain egotea dagokio», adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Espainiako Gobernuak Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatu eta beteko duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.