Altsasuko auzia

Auzipetuetako hainbati egotzi diete erasoa guardia zibilek eta haien bikotekideek

Liskarra Jokin Unamunok hasi zuela adierazi dute, eta Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Julen Goikoetxeak kolpeak eman zizkietela adierazi dute. Defentsa abokatuen galderek zalantzak eta kontraesanak azalerazi dituzte salatzaileen deklarazioetan.

Jendea auzitegira sartzen, atzo. J. DANAE, FOKU
2018ko apirilaren 17a
07:28
Entzun

2016ko urriaren 15ean, Altsasun ustez erasoa jasan zuten bi guardia zibilek eta haien bikotekideek gertakarien gaineko beren bertsioa eman dute Altsasuko bederatzi gazteren kontrako epaiketan. Salatzaileek auzipetuetako hainbati egotzi diete erasoaren ardura, eta Jokin Unamunori egotzi diote liskarra piztea, herriko taberna baten barruan. Ondoren, kolpeak jasotzen hasi zirela salatu dute, talde handi batek inguratu zituela eta joka jarraitu zutela lurrean zirenean ere, "amorruz". Defentsa abokatuen galderek hainbat kontraesan azaleratu dituzte guardia zibilen deklarazioan. Baita zalantza ugari ere, gertakariei lotutako hainbat kontu ez dituztela gogoratzen argudiatu dute eta, lehen deklarazioetan haien berri eman zuten arren.

Liskarra izan zen gauean ordu biak aldera Koxka tabernara joan zirela esan du Guardia Zibileko tenienteak, bikotekidearen sendiaren tabernan afaldu ostean. Askotan joaten ei da Koxkara. Edariak eskatu eta "ile horidun mutil batek" ea polizia zen galdetu zion. Aurretik "begiradak" nabaritzen zituela dio. Gero, normal jarraitu zuten. Plastikozko txupito basoren bat bota zietela kontatu du, eta Jokin Unamuno auzipetua ikusi zuela esan du. "Une batean Jokin Unamuno sartu zen, talde batekin". Eztabaida hasi zuten, baina ez du gogoan oso ondo zer gertatu zen. Bikotekidea "asaldatuta" ikusi zuen. Kolpeka hasi zitzaizkiola dio, baina saiatu zen ikusten "nor zen". "Ile horiduna nire bizkarrean zegoen. Kolpeak ziren, ez bultzadak".

Orduan tabernatik ateratzen ahalegindu zirela dio, baina kostatu zitzaiela. Kolpeak jasotzen zituela dio. Adur Ramirez de Alda ikusi zuela esan du —hark atzo deklaratu zuen liskarraren orduan etxean zegoela—, eta beste bat "ile luzeago batekin". "Ukabilkadak ziren niri, sarjentuari". Lurrera erori zela dio, eta handia zela zalaparta. Kolpeak jaso zituen buruan, dioenez. Kolpeka zenbat pertsona aritu zitzaizkien galdetu dio fiskalak: "Inguratuz, 15-20 pertsona, eta korridorean, 20-25". Kanpoan "20 pertsona gehiago". Hala ere, ez dela ondo gogoratzen esan du: "Hain etengabeak ziren, ez dut gogoan une hura. Une batean oreka galdu eta erori egin nintzen".

Foruzaingoa etorri zenean lasaitu zen dena, tenientearen arabera. "Zure bizia arriskuan ikusi zenuen?", galdetu dio fiskalak; "Bai", erantzun du. Gainera, erasoa egin zutenak antolatuta zeudela uste duela esan du.

Epaituak seinalatzen jarraitu du. Oihan Arnanz berak identifikatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta esan du baietz, seguru dagoela Arnanz ere han zela. Jon Ander Cob ere ikusi zuela esan du —hark atzo esan zuen liskarren ostean joan zela Koxkara—, eta baita Julen Goikoetxea ere. Azken horrek irteeran jo zuela gaineratu du —hark atzo esan zuen Koxkan zela, eta lixkarra izan zela, baina ez ziola jaramonik egin, askotan izaten direlako liskarrak han; berak ez zuela parte hartu—.

Tenienteak onartu du ezin duela ziurtatu Aratz Urrizola eta Iñaki Abad han zirela, ezta Ainara Urkijok erasoan parte hartu izana ere. "Jarduera profesionalengatik" gehienak ezagutzen zituela dio.

Jaione Karrera abokatuaren galderei erantzunez esan du baietz, seguru dagoela Adur Ramirez de Alda han zegoela. Ez da gogoratzen non zeuden bikotekidea eta gainerakoak, baina ziur ei dago Ramirez de Alda han zela. Kamiseta gorria zuen jantzita, haren arabera, baina epaituak atzo esan zuen gau hartan kamiseta beltza eta jertse grisa zituela.

Abokatuei erantzuten ari zela, tenienteari ahaztu egin zaizkio hainbat xehetasun, nahiz eta beste batzuk oso ondo gogoratu. Besteak beste, ez du zehaztu zergatik ez zuen salaketarik jarri Foruzaingoan eta zergatik deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean.

Gau hartan Nafarroako Ospitalera eraman zuten eta ebakuntza egin zioten. Foruzainekin deklarazioa hartzeko hitzartua zuen tenienteak, baina azkenean ez zuen egin. Defentsak galdetu dio ea zergatik ez zuen azkenean egin. "Ez dakit. Ez dago motiborik, zuk zein uste duzu?", oldartu zaio Amaia Izko abokatuari. Tarte horretan Arsenio Fernandez de Mesa garaiko Guardia Zibilaren bisita jaso zuen, eta Foruzaingoari ez deklaratzeko agindua jaso al zuen galdetuta, ukatu egin du. "Ezin du hori egin".

Bi deklarazio egin zituen, eta bigarrenean hasierako kontakizuna "zabaldu" zuen. Hori zergatik egin zuen galdetuta, uneoro "diligentziak dioena" berrestera mugatu da. Argazki identifikazioak noiz eta non egin zituen galdetu diote, eta gauza bera; ez du gogoan. "Diligentziak dioena".

Gaueko kontaketa egiten hasi aurretik azaldu du "bitxia" dela Altsasun bizitzea: "Toki batzuetan, begiratzen dizute eta ez dizute ongietorria egiten". 2016ko urriaren 15etik zegoen Altsasun —orain ez dago han—, eta, beraz, liskarra izan zenean urtebete inguru zeraman han, eta herrian bizi ziren guardia zibilek "kontuz" ibiltzeko esaten zioten, ez zela gomendagarria familiarekin ateratzea. "Bakarrik inoiz ez joateko" esaten zioten.

Tenienteak hasieran azaldu du bere asmoa zela Guardia Zibilari herrira gerturatzea. Bere esanetan, urteak daramatzaten guardia zibilak ohituta zeuden herriarekin gehiegi ez nahastera. "Berriak, berriz, ez. Ikuspegi hori zaharkitua zela uste genuen". Ateak irekitzeko ahalegina egin zuela nabarmendu du, eta "nire Altsasu" ere aipatu du uneren batean.

Ospa Egunaz galdetu diotenean honako hau esan du: "Manifestazio bat da, karroza bat ateratzen dute eta antzeztu. Guardia Zibila Nafarroatik ateratzea irudikatzen dute. Ni egon nintzenean, bi guardia zibil agertzen ziren, eta tanke bat ei zen gurdi bat erre zuten. Behin oldartu behar izan genuen, ofentsiboak baitziren". Gaineratu du Jokin Unamuno auzipetua zela antolatzailea, nahiz eta hark ukatu egin zuen hori atzoko saioan. Azpimarratu du Unamuno Guardia Zibilaren kontrako ekitaldi gehiagotan ere ikusi izan zuela.

Tenientearen txanda amaitu ondoren, etena agindu du epaileak. Arratsaldean ekin dio deklaratzeari Guardia Zibileko sarjentuak. Haren esanetan, eraso egin zieten Jokin Unamunok, Jon Ander Cobek, Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek, Julen Goikoetxeak, Aratz Urrizolak eta Iñaki Abadek. Aldiz, Ainara Urkijoren erasorik ez zuen ikusi. Hari "mehatxuak" egitea leporatu dio.

Jaione Karrera defentsaren abokatuari erantzunez, sarjentuak adierazi du erasoa gertatu eta "egun batzuk geroago" deklaratu zuela lehenengoz Guardia Zibilaren aurrean. Aurretik, Foruzaingoaren aurrean argazki identifikazioa egin zuen galdetuta, ez dela oroitzen ziurtatu du.

Kontraesana izan da tenientearen eta sarjentuaren adierazpenen artean. Tenienteak esan du "berandu" joan zirela afaltzera bere neskalagunaren sendiaren tabernara; lana bukatu ondoren. Sarjentuak, aldiz, "zortzi-bederatzietan" joan zirela adierazi du. Sarjentuak adierazi du afarian ez zuela alkoholik edan, eta tenienteak edan zuen ez du gogoan.

Biek onartu dute afaltzetik Koxkara joan zirela ordubietan. Hortaz, bost edo sei ordu inguru egin zituzten tabernan, "ezer ere ez" edan gabe. Koxkara sartu zirenean konbinatuak eskatu zituzten.

Sarjentuak Altsasun jarraitzen du lanean. Herrian giroa "oldarkorra" dela ziurtatu du.

Tenientearen bikotekideak deklaratu du sarjentuaren ostean. 2016ko urriko gertaeren ondorioz, bere buruaz beste egiten saiatu dela adierazi du. "Bizitza hondatu didate". Tenientearen bikotea hiru urte dituenetik bizi izan da Altsasun, baina 2016ko urriko gertakarien ondoren, lagunek eta ezagunek baztertu egin zutela adierazi du, eta herritik joan zela.

Oihan Arnanz, Jon Ander Cob, Jokin Unamuno, Julen Goikoetxea eta Adur Ramirez de Aldari leporatu die guardia zibilei eraso egitea. Iñaki Abad eta Ainara Urkijo ez ditu gertakariekin lotu. Aratz Urruzolaren parte hartzea, berriz, "%90ean" ziurtatu dezakeela adierazi du. Defentsaren lekukoen artean ere erasotzaileak gehiago identifikatu ditzakeela ohartarazi du, baina ez salatzea erabaki du, guztiz ziur ez dagoelako.

Saioa amaitu denean, Amaia Izko defentsaren abokatuak nabarmendu du guardia zibilek eta haien bikoteek ez dutela elementu bat bera ere aurkeztu auzipetuak terrorismo delituarengatik epaitu behar direla justifikatzen duenik. Aldiz, haien deklarazioetan gertaerak puztu egin dituztela adierazi dio BERRIAri. Izkoren esanetan, deklarazioetatik ondorioztatu daiteke salatzaileek "jipoi basati bat" jaso zutela. Izan zituzten lesioek, ordea, bertsio hori gezurtatzen dutela ziurtatu du.

Hurrengo egunetan, lekukoen txanda

Atzo auzipetuek deklaratu zuten, eta guztiek ukatu zuten Koxka tabernako liskarrean parte hartu zutela.

Gaur guardia zibilek deklaratuta, hurrengo hiru egunetan lekukoen txanda izango da. Datorren astean, berriz, perituek deklaratuko dute —auzi medikuak, foruzainak, guardia zibilak, psikologoren bat eta Oihan Arnanzen defentsa informatikariak eta bi mediku—. Azken hiru egunetan, ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek, eta, gero, epaiaren zain geldituko dira

2016ko urrian, herrian jaiak ospatzen ari zirela, zenbait gaztek liskarra izan zuten bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin, Altsasuko Koxka tabernan. Guardiek zauri arinak izan zituzten. Horren ondorioz, "terrorismo delituak" egozten dizkiete zortzi gazteri. Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo ari dira epaitzen. Orotara, 375 espetxe urte eskatzen dituzte zortzi akusatuentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.