Auzipetzeen gainetik elkartasuna sustatzen segiko du Eleak-ek

Euskal presoei hurbiltasuna adierazteagatik zigortu dituztenei babesa eman die Eleak mugimenduak

Bilbo
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal preso politikoei elkartasuna adieraztea ez dela delitua aldarrikatu zuen atzo Eleak mugimenduak, Bilboko Bolunta aretoan. Bizkaian, hainbat lagun eta elkarte auzipetu dituzte preso politikoei hurbiltasuna adierazteagatik. «Zerrenda luzeegia da denak aipatzeko», adierazi zuen Jesus Mari Alberdik, auzipetuetako batek. «Agerraldi honetan, Bizkaian preso politikoei hurbiltasuna helarazteagatik zigortutako lehendabizikoak eta azkenekoak gaude», azaldu zuen.

Alberdi Gernikako jai batzordeko kidea da, eta urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazio osoa jaso zuen 2011ko jaietako egitarauan udalerriko presoen argazkiak jartzeagatik. Julen Orbea, Bilboko alde zaharreko tabernari bat, Espainiako Audientzia Nazionalean epaitu zuten, iazko Aste Nagusian kalean presoen argazki batzuk jartzea leporatuta, eta urtebeteko espetxe zigorra jarri zioten ekainean. Horrez gain, Alberdik jakinarazi zuenez, joan den astean bertan Bilboko alde zaharreko beste lau auzokidek Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten, zio beragatik.

Pablo Fernandez Eleak-eko ordezkaria: «Elkartasuna gora egiten duen eta egin behar duen balio bat da; hala ere, badaude estatu honetan hori horrela dela uste ez dutenak».

«Agintarien jazarpena jaso dugu gure larruan; preso politikoen errealitatea ezabatu nahi izan dute inongo zentzurik gabe, etaauzitegi arrotzen eskuetan jarri gaituzte, gure elkartasun keinuak zigortuak izan zitezen», salatu du Alberdik. Hala ere, preso politikoenganako elkartasuna delitua ez dela gogorarazi dute han bildutako lagunek. «Adierazpen hori ez dugu guk soilik egiten; herri honen gehiengo askotariko eta zabal batek hainbat une eta lekutan adierazi du preso politikoenganako bere ardura eta maitasuna, bere kezka eta elkartasuna».

Fernandezek behin eta berriro azaldu zuen Eleak-ek babesa eman diela euskal preso politikoen alde haienganako hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi duten pertsonei, «kolektibo horren eskubide zibil eta politikoak defendatu behar ditugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.