Legeztatzearen aldeko manifestazioa. Erreakzioak

Auzitegi Gorenaren epaia erabaki politikotzat hartu dute eragileek

Euskal gizartearen gehiengoa legalizazioaren alde dagoela ohartarazi dute, eta Espainiari eskatu diote jendearen deia entzun dezalaLegez kanporatzeen gisako erabakiak giza eskubideen aurkakoak direla salatu dute

Manifestazioaren amaierako une bat. Legeztatzearen aldeko kartel bat, inguruan jendetza duela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Alderdi politiko eta eragile sindikaletako ordezkariek, Espainiako Auzitegi Gorenak Sorturen legeztapenaren inguruan hartutako erabakia politikoa izan dela salatu dute.

MARIAN BEITIALARRANGOITIA



«Blokeo estrategia pitzatu bada, mobilizazioengatik da»

«Epaitegi Gorenaren sententzia, politikoa dela garbi dago, eta in extremis hartutakoa. Eta neurri batean estatuaren blokeo estrategikoa pitzatzen ari bada, herritarren gehiengoak legalizazioaren aldeko iritzia eman duelako da. Gaurkoa bezalako deialdien bidez, garbi geratu da legeztatzearen bataila irabazita dagoela.Gaur pitzadura dena, blokeo estrategia horren haustura izatera iritsi arte jarraituko dugu».

PATXI ZABALETA



«Legalizazioa giza eskubideetan oinarritzen da»

«Gernikako Akordioko kide moduan etorri gara, defendatzeko besteak beste, legalizazioaren eskubidea, hau giza eskubideetan oinarritzen baitugu. Eskubide zibil eta politikoak ez dira egoeren araberakoak. Gure aldetik, ETAri alde bakarreko su-etena eskatzen diogun bezala, Madrileko gobernuari ere gauza berdina egiteko eskatzen diogu».

PELLO URIZAR



«Gizarteak eskatu behar du alderdi guztien legalizazioa»

«Euskal gizarteak ez du onartzen Madriletik egindako joko politikoa. Auzitegi Gorenaren epaiak garbi uzten du erabaki politiko bat dela. Gizarteak behin eta berriz aldarrikatu behar du hemen edozein alderdik duela eskubidea bere proiektu politikoa aurrera eramateko, eta horretarako hasieratik izan behar du legala».

OSKAR MATUTE



«Sententziak garbi utzi du epaitegien erabilera politikoa»

«Garai politiko berri batean inplikatuta gaude. Horregatik, normalizazioarekin, bakearekin eta giza eskubideekin identifikatuta gaudenok ezinbesteko hitzordua daukagu Bilbon. Auzitegi Gorenaren sententziak inoiz baino garbiago uzten du justizia epaitegien erabilera politikoa, eta hein horretan ideia guztiak ordezkatuta dauden marko politiko bat eskatu beharra daukagu».

MERTXE COLINA



«Legalizazioa, demokrazia eta askatasuna eskatzera gatoz»

«Berriz ere hemen gaude gauza bera eskatzeko. Hiru hitzetan esateko: gaur legalizazioa, luzarorako demokrazia, eta betirako Euskal Herria askea».

PATXI AGIRREZABALA



«Era honetako epaiak antidemokratikoak dira»

«Emandako epaiari erantzun egin behar zitzaion, eta horregatik gaude gaur hemen. Ezinezkoa da era horretako erabakiak hartzea, antidemokratikoa da. Eta ezin dio ukatu parte hartze politikoa herri honen adierazteko bide izan daitekeen multzo bati».

AINHOA ETXAIDE



«Madrileko erabakien menpe geratzeko asmorik ez daukagula adierazi nahi dugu»

«Berriz ere Madrilen hartutako erabaki bat salatzeko eguna da, baina batez ere gure etorkizuna erabaki horien menpe uzteko asmorik ez daukagula adieraztekoa. Aurrerapausoak pixkanaka emanez, bultzatzen ari garen prozesua indartzen ari da».

BELEN ARRONDO



«Estatuak euskal gizartearen nahia entzun behar du»

«Momentu honetan legalizazioa ezinbestekoa da. Ideia eta programa guztiek eskubidea izan behar dute berdintasunean lan egiteko. Euskal Herriko gizartearen gehiengoa horren alde dago, eta estatuak hori kontuan hartu beharra dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.