'bateragune auzia'

Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak erabakiko du 'Bateragune auzikoen' babes helegitea

Hamaika epailek osatzen dute orain osoko bilkura, Enrique Lopezek dimititu zuelako alkohol proba batean positibo eman ondoren.

Bateragune auziko bosten argazkiak, ezker abertzaleak Gorenaren epaia baloratzeko egin zuen agerraldian, 2012an. JAGOBA MANTEROLA, ARP
jon ordonez garmendia
2014ko ekainaren 9a
15:28
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehen aretoak osoko bilkurara igorri du Bateragune auziko auzipetuek orain urtebete aurkeztu zuten babes helegitea. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jazintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak haien eskubideak urratu direla argudiatu zuten iaz, eta orain Konstituzionaleko batzarrak hartu beharko du erabakia. Batzar aretoa hamabi epailek osatzen dute, baina horietako batek utzi egin du orain gutxi, gidatzen ari zela alkohol proba batean positibo eman ondoren.

Epe mugarik ez zuen jarri Konstituzionalak babes helegitea erabakitzeko, baina Efe albiste agentziak atzo zioen, hori hala izanik ere, ezin zela baztertu gaur bertan deliberatzen hastea, "espetxe zigor bati dagokiolako eskaerak erabakitzea". Defentsek behin baino gehiagotan salatu dute presoek zigorra beteta eduki dezaketela erabakiaren berri ematerako. Hala ere, maiatzean bertan argudio hori ez zuen aintzat hartu Konstituzionalak berak Otegik, Jazintok, Rodriguezek eta Zabaletak zigorraren hiru laurdenak beteak dituztela-eta aurkeztu zuten helegitean.

Lau eskubide urratuta

Auzitegi Gorenak iaz zigorrak irmo egin ostean aurkeztu zuten auzipetuek babes helegitea. Auzipetuen defentsak babes helegitean argudiatu zuen lau eskubide urratu zizkietela: errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa —Angela Murillo epaimahaiburuak epaiketan izan zuen jarreragatik—, akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea. Eskubide horietako bakar bat ere ez dela urratu dio, ordea, fiskaltzak.

Jone Goirizelaia eta Iñigo Iruin dituzte abokatu auzipetuek. Azken horrek, gainera, argudiatu du tribunalak "argi eta zehatz" azaldu behar duela nola iristen den oinarrizko gertaeretatik ondorioetara, eta Bateragune auzian hori dela Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak ebatzitako epaien hutsune nagusia.

Fiskaltza, kontra

Konstituzionaleko fiskaltza, ordea, babes helegitearen kontra agertu zen azaroan. Fiskalaren arabera, bost lagunak "ETAko kide ziren, talde politiko gisa", eta Espainiako Estatutik aparteko estatu bat sortu nahi zuten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarentzat. "Beren helburuak lortzeko, inoiz ez dute baztertu armak erabiltzea, eta beren ibilbidean ez dute indarkeria gaitzetsi, ez banaka eta ez taldean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.