Nafarroako Gobernuak prozeduran egindako akats batengatik, Goizuetako Udalak ez du zigorra bete beharko. Udalak ikurrina jarri zuen udaletxean, Eman hitza Nafarroari, eman Euskal Herriari pankartaren alboan. Iruñeko Admnistrazioarekiko Auzitegiak iragan apirilean zigortu zuen udala, baina, helegitea jarri ostean, auzitegiak arrazoi eman dio, eta atzera bota du zigorra.
Salaketa jarritakoan gobernuak arrazoitu zuen Goizuetako Udalak "EAEko bandera ofiziala" jarri zuela pankarta baten alboan eta ordenamendu juridikoaren aurkako neurria zela. Lehen auzialdiko epaitegiak arrazoi eman eta gero, udalak apelazio errekurtsoa aurkeztu zuen. Alde batetik, argudiatu zuen Nafarroako Sinboloen Legearen arabera bandera kentzeko eskaera egitera behartuta zegoela gobernua eta ez zuela egin. Bestetik, udalak berak ikurrina kendu egin zuen urriaren 22an, eta hala jakinarazi zion epaitegiari. Auzitegi Nagusiak aintzat hartu ditu azalpenok, eta haren epaia irmoa da.