Auzitegi Nazionalak atzera bota du Txus Martin askatzeko eskaera

Gaixotasun larria eta sendaezina duen arren, magistratuek argudiatu dute aske utziz gero ihes egin dezakeela2002an atxilotu zuten, eta behin-behinean preso jarraitzen du, epaiketaren zain

jokin sagarzazu
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du gaixotasun larria eta sendaezina duen Txus Martin presoa aske uzteko eskaera. Urtarrilaren 27an kaleratutako auto batean, Fernando Garcia Nicolas, Enrique Lopez Lopez eta Jose Ricardo de Prada Solaesa magistratuek adierazi dute arrazoirik ez dagoela Martin aske uzteko. Hiru argudio eman dituzte: Martin gaixo egonda ere, beste bolada batzuetan larriago egon dela; preso egoteak zuzenean ez duela loturarik haren gaixotasunarekin, edo ez dela faktore bakarra; eta behin-behinean aske utziz gero, ihes egin dezakeela. Erabaki horren aurka, helegitea aurkeztuko dute Martinen abokatuek. Autoa kaleratu duten magistratuek erabaki beharko dute berriz.

2002. urtean atxilotu zuten Martin, Frantzian. Han zortzi urte preso egin ondoren Espainiaratu egin zuten. Martin behin-behinean preso dago, eta haren gaixotasunaren larritasunagatik —nahasmen eskizo-afektiboa du; 2010an bere buruz beste egiten saiatu zen— Zaballako espetxera (Araba) lekualdatu zuten iazko azaroan.

Martinek hiru prozedura dauzka irekita Espainiako Estatuan. Horietako bat dela-eta iazko urrian epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, baina abokatuek ez dute sententziaren berri jaso. Beste bietan ez dute oraindik epaitu.

Hiru prozeduretan askatasun eskaerak aurkeztu dituzte abokatuek, Martinen osasun egoera oinarri hartuta. Behin-behineko espetxealdian egoteko arrazoirik ez dagoela argudiatu dute abokatuek. Azaldu dutenez, Martinek ezingo luke ihes egin, gaixotasunaren ondorioz etengabe lagundua egon behar duelako, eta medikazioa kontrolatu behar diotelako. Halaber, aske utziz gero, Martinek delitu bat egin dezakeela argudiatzeak ez luke oinarririk izango, abokatuen arabera, gaixotasunaren eta egungo egoera politikoaren ondorioz. Abian diren ikerketak oztopatuko lukeen neurriak hartzeko arriskurik ez dagoela ere azaldudute abokatuek, hiru prozeduren kasuan 15 urte baino gehiago igaro direlako leporatutako gertakariak jazo zirenetik, eta ikerketa gauzatzeko aldia amaitua delako.

Espetxeko zerbitzu medikuen txostenak aztertu ondoren, Martinen askatasun eskaeraren aurka azaldu da Fiskaltza.

Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia eta Fiskaltzak agertutako jarrera salatu du Etxerat-ek. Nabarmendu duenez, Martin da euskal presoen artean «gaixoen» dagoena. Hura eta gaixo dauden preso guztiak aske uzteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.