Bigarrengo aldiz, seina urteko zigorra jarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostiako hamabost gazteri. Aurretik ere zigortu zituen gazte horiek Auzitegi Nazionalak, baina Gorenak epaia baliogabetu eta berriz idazteko agindu zion, gazteei jarritako zigorra behar bezala argudiatu gabe zegoelako. Hilabete geroago, berriz ere zigorra jasotzen duen epaia idatzi du Auzitegi Nazionalak. Segiko kide izanda erakunde armatuko kide izatea egotzi die zigortuei.
Aurretik kaleratutako epaian, gazteak zigortzeko haietako batzuek inkomunikatuta zeudenean Poliziaren aurrean egindako deklarazioak baliatu zituen Auzitegi Nazionalak. Gazteek salatu zuten deklarazio horiek egin zituztenean tortura eta tratu txarrak jasaten ari zirela. Orain ere epai berbera kaleratu du Auzitegi Nazionalak, baina zuribide frogen zerrenda gehitu du; Txalaparta argitaletxeko hiru liburuedo ETAren itsasgarri bat etxean edukitzea, esaterako. Zerrenda hori gehitu besterik ez du egin epaimahaiak, bigarren epaian.
Ezker abertzaleak salatu egin du Auzitegi Nazionalaren jarrera. «Konponbiderako jokalekuaren bila dabilen gazteriaren kontrako jazarpen estrategiaren zati da epaia», salatu du komunikabideetara igorritako oharrean. Irizpide juridikoei jaramonik egin ez, eta PSOEk eta PPk «jokaleku berria oztopatzeko» helburuz emandako aginduak jarraitu besterik ez du egiten auzitegi horrek, ezker abertzalearen irudiko. Euskal gizartearen gehiengoa jokabide horren kontra dagoela nabarmendu du, eta «salbuespen neurriak» kentzeko eskatuz erantzuteko deia egin du.
Auzitegi Nazionalak berriz zigortu ditu Donostia aldeko 15 gazte independentistak
Epaia berriz idazteko agindu zuen Auzitegi Gorenak, zigorrak behar bezala argudiatu gabe zeudelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu