Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra jarri dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari, 2005ean Jose Mari Sagardui Gatza presoari Zornotzan (Bizkaia) egindako omenaldian "terrorismoa goratu" zuelakoan, "ETAko presoen" borroka goretsi zuelako epaimahaiaren ustez. Hamasei urteko inhabilitazioa ere ezarri dio.
Itziar Galardi, Josune Irakulis, Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu, aldiz, absolbitu egin ditu auzitegiak. Otegi, Galardi eta Irakulis urtarrilaren 27an, 28an eta 29an epaitu zituzten. Enparantza eta Etxaburu ez ziren azaldu epaiketara orduan, Auzitegi Nazionalari zilegitasuna ukatzen diotelako. Atxilotu eta egun batzuetara epaitu zituzten.
Otegirentzat hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eta hamalau urteko inhabilitazioa eskatu zuen Blanca Rodriguez fiskalak, Galardi eta Etxabururentzat ere hemezortzina hilabeteko kartzela, Enparantzarentzat hamabostekoa eta Irakulisentzat absoluzioa.
Otegiren aurka beste hiru auzi daude zabalik: Mahai Nazional berria osatu nahi izanagatik -iazko urritik preso daukate-, 2004an Anoetako belodromoan ekitaldia egiteagatik eta herriko tabernen bidez ETA finantzatu nahi izanagatik.
29 urtean preso
Gatzak 29 urte daramatza preso, eta duela lau urte hura aske uzteko eskatzeko ekitaldia egin zuten Zornotzan, kartzelan 25 urte bete zituela-eta -1995ean bete zituen espetxealdiaren hiru laurdenak-.
Ekitaldian parte hartu zutelako auzitara eraman zituzten aipatutako bostak. Otegik, Enparantzak eta Galardik hitza hartu zuten ekitaldian, Etxaburuk bertarako deia egin zuen eta Irakulisek ekitaldirako zein ondoren egindako manifestaziorako baimenak eskatu zituen udaletxean.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren baimen guztiak zituen ekitaldiak. Ermuko Foroak, baina, kereila jarri zuen, ekitaldi hartan "terrorismoa goratu" zela iritzita. Fernando Andreu epaileak iazko azaroaren 25ean kaleratu zuen auzipetze autoan esaten denez, "terrorismoa goratu" zuten aipatutako bostek.
Angela Murillo izan da epaiketako epaimahaiburua -beste epaileak: Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel- eta, Fiskaltzaz gain, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justiciak ere egin dute akusazioa.
politika
Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela zigorra jarri dio Otegiri, Sagardui presoaren omenaldiagatik
"Terrorismoa goratzea" egotzi dio ezker abertzaleko kideari. Hamasei urteko inhabilitazioa ere ezarri dio. Itziar Galardi, Josune Irakulis, Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu absolbitu egin ditu. 'Gatza'-k espetxean 25 urte bete zituenean egin zuten ekitaldia, Zornotzan, 2005ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu