Kaskagorri konpartsak Bilboko Aste Nagusian egitekoak zituen bi ekitaldi debekatu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, «terrorismoa goratzen» dutela argudiatuta.Gaur eta atzo euskal errepresaliatuen senideekin zituzten bazkariak, eta atzo gauean Kaskaerrepresaliatuen alde egitekoak ziren topa debekatu egin ditu Auzitegi Nazionaleko lehen instrukzio epaitegiak. Kaskagorrik bertan behera utzi ditu ekitaldi horiek, debekuaren berri izan ondoren.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak atzo jakinarazi zuen Ertzaintzak «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituela ekitaldi horiek egin ez daitezen. Halaber, ohartarazi zuen legez kanpoko ezer gertatzen bada txostena osatuko duela eta Auzitegi Nazionalera bidaliko duela. Debekua eman duen epaitegiak igorritako oharrean gogorarazi dute Kaskagorri konpartsa Aste Nagusiko parte hartzetik kanpo dagoela euskal presoen argazkiak erakusteagatik, eta joan den urtean ere antzeko ekitaldiak debekatu zituela Auzitegi Nazionalak.
Debekuaren berri jaso ostean Bilboko konpartsako kideek jakinarazi zuten Auzitegi Nazionalera igorri diotela idatzi bat esanez ez zutela legea urratuko eta ez zituztela ekitaldi horiek egingo. Azaldu zutenez, konpartsen ohiko bazkariak dira egingo dituztenak, eta horietan ez da «ezer goratzen».
Berriozarko manifestazioa
Bestalde, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak baimendu egin du bihar Berriozarren (Nafarroa) presoen eskubideen alde antolatu den manifestazioa. Gobernu ordezkaritzak ohar batean esan du ez dagoela arrazoi juridikorik manifestazio hori legez kanpo jotzeko.
Nafarrako PPk egin du manifestazioa debekatzeko eskaria. Eloy Villanueva idazkari nagusiak kritikatu du Barne Ministerioak «lege argudioak» erabili izana manifestazioa baimentzeko. Hare ustez, presoen eskubideen aldeko manifestazioan «terrorismoa» goratuko da, eta, horregatik, debekatzeko eskatu du.
Auzitegi Nazionalak Kaskagorriren bi ekitaldi debekatu ditu
Euskal errepresaliatuen senideekin egitekoa zen bazkaria eta topa bertan behera utzi ditu Bilboko konpartsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu