Datorren astelehen, astearte eta asteazkenean Bizkaiko Uribe Kostako 11 gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, kale erasoetan parte hartzea eta ETAko kide izatea egotzita.Zazpi eta hamalau urte arteko espetxe eskaerak dituzte aurrean, eta, bai auzipetuen bai Eleak mugimenduaren esanetan, gazteen aurkako beste epaiketa politiko soil bat da auzia. Guztira 128 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak akusatuentzat, duela lau urte atxilotu zituztenean polizien aurrean beren buruak erruduntzat joz egin zituzten deklarazioak froga bakartzat hartuta.
Auzipetuek beraiek publikoki salatu dute poliziek nahi zutena esanarazi zietela polizia etxean, atxiloaldian inkomunikatuta zeuzkatela egin zizkieten torturak jasan ezinik; orain epaiketa egiteko froga bihurtu dira adierazpen horiek.
2007ko urrian izan zen gazteen aurkako polizia operazioa, Baltasar Garzon epailearen aginduz, eta handik dator auzia, baina ez da gertaera bakana. Joseba Elorriagak auzipetuen izenean ohartarazi duenez, Euskal Herriko 223 gazte atxilotu zituzten 2007 eta 2010 urte bitartean antzeko auzietan. Bide hori amaitzeko eskatu dio, hargatik, Espainiako Estatuari: «Errepresioa alde batera uzteko, euskal gazteria kriminalizatzeari uzteko eta prozesu demokratikoari atea zabaltzeko».
Eskaera bera egin du Eleak mugimenduak, auzipetuekin, Torturaren Aurkako Taldearekin eta beste hainbat eragile eta herritarrekin egindako agerraldi batean. Auziaren bidez gazteen jardun politikoa geldiarazi nahi dutela salatu du. «Gazteriak ere konponbide prozesuaren parte aktibo eta erabakitzailea izaten jarraitu behar du», ohartarazi du Alfontso Arangurenek, Eleak mugimenduaren izenean. Euskal gizarteak konponbidearen alde egiten duela adierazi, eta gauza bera egin dezala eskatu dio Espainiako Estatuari: «Ezinbestekoa da mota honetako epaiketak bertan behera uztea, eskubide guztien errespetua oinarri hartuta gazteriak askatasun osoz lan egiteko aukera izan dezan».
Hortaz, «eskubideak ezin direlako kendu edo eman», epaiketaren aurka mobilizatzera deitu du Eleak mugimenduak. Hurrengo ostiralean egingo dute manifestazio nagusia, 19:30ean, Getxoko Telletxe plazatik abiatuta, eta epaiketak irauten duen egunetan, elkarretaratzeak egingo dituzte 20:00etan plaza berean.
Iragorri eta Lopez, kalean
Bestalde, 2009ko azaroan gazte independentisten aurkako sarekadan atxilotu zituzten bi gazte espetxetik atera ziren atzo: Tolosako Haritz Lopez eta Sestaoko Idoi Iragorri. Badaezpadako neurri gisa zituzten preso biak, duela ia bi urtetik, eta espetxealdia luzatu edo ez erabakitzeko saioa izan zuten atzo. Fiskalak kartzelan segitzeko eskatu arren, baldintzapean askatzea onartu zuen epaileak. Iragorriri 3.000 euroko bermea jarri zion. Nahia Agudori ere ateratzeko aukera eman zion, baina, beste espetxe zigor bat betetzen ari denez, ez dute askatu.
Auzitegi Nazionalak Uribe Kostako 11 gazte epaituko ditu astelehenean
Auzipetuek ohartarazi dute torturapean egindako deklarazioak direla akusazioen oinarri bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu