Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, Sorturen Kontseilu Nazionaleko presidente Hasier Arraizen adierazpenek erakusten dute Sortu ez dela "erakunde demokratiko bat". Saenz de Santamariak "ikuspuntu politikotik" esan du Arraizek Sortu "islatu" duela, eta uste du alderdiak "demokraziak eskatzen duenaren kontrako ildoa" duela.
Lehenago, EAEko fiskalburu Juan Kalparsorok baieztatu du atzo Arraizek eginiko adierazpenak ikertzeko eskaera egin duela Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. Halaber, Espainiako Barne ministroak eskaera bera egin dio Auzitegi Nazionalari.
Delitu zantzuak antzeman ditu Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Hasier Arraizek atzoko polizia operazioaren harira egindako adierazpenetan Guardia Zibilaz esandakoetan. "Uste dut [delitu] direla, baina ez dagokit hori esatea", esan du Fernandez Diazek Cope irrati katean, elkarrizketa batean.
Nolanahi ere, "iraingarriak" dira Arraizen hitzak, Fernandez Diazen ustez. Nabarmendu du "hamarkadetan zehar" ETA izan dela Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari "xake-matea" egiten saiatu dena, erantsiz berrehun guardia zibil eta 150 polizia hil direla "ETAren kontrako borrokan".
Abokatuen aurkako operazioa salatzeko Sorturen izenean Donostian emandako prentsaurrekoan, "estatuaren mendeku politika eta gerra estrategiaren aurka" indarrak biltzera dei egin zuen Arraizek, eta "herri honek Guardia Zibilari xake-matea emateko unea da", gaineratu zuen. Espainolezko azalpenean erantsi zuen polizia indar hura "Euskal Herritik joateko unea" dela.
Euskaraz emandako azalpena (osorik); zati hori, 2.45-3.00 artean
[YouTube]http://youtu.be/M-l-kHq5lbQ[/YouTube]
Ondoren espainolez emandako azalpena (osorik); zati hori, 3.42-4.00 artean
[YouTube]http://youtu.be/mPTVyldGJi8[/YouTube]