HEZKUNTZA

Auzitegiak ez du onartu Skolae hezkidetza programa etetea

Nafarroako Auzitegi Nagusira jo zuten guraso batzuek, hezkidetza programaren aurka, eta behin-behinean eteteko eskatu zuten. Ezetz erantzun diote: programa horrek ez dakarrela "kalte konponezinik".

Skolae programari buruzko agerraldi bat. Erdian, Maria Solana kontseilaria. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko abenduaren 18a
07:31
Entzun

Nafarroako Gobernuak hezkuntzaren arloan legealdi honetan egindako apustu nagusietako bat da Skolae programa, hezkidetza bultzatzea helburu duena. Eskuineko sektoreak irmo ari dira haren aurka —joan den larunbatean bertan elkarretaratzea egin zuten Iruñean—, eta auzitegietara ere jo dute. Ez dute lortu, ordea, lehen helburua: programa etetea.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian salaketa jarria dute guraso batzuek, hezkidetza programa hori oinarrizko eskubideen aurkakoa delakoan —bi eskubide aipatu dituzte bereziki: askatasun ideologikoa, eta seme-alabak norbere sinesmenen arabera heztekoa—.

Salaketa hori ebatzi bitartean Skolae programa bertan behera uzteko eskatu zuten salatzaileek, baina ezetz erantzun du Auzitegi Nagusiak. Bi argudio nagusi eman dituzte horretarako. Batetik, azaldu dute ezin dela ondorioztatu Skolae indarrean egoteak "kalte konponezinak" ekarriko dituela; bestetik, ohartarazi dute familia gutxi batzuek jo dutela auzitara, eta "eskola planifikazioaren interes orokorra" lehenetsi behar dela. Oraingoz, hortaz, martxan egongo da Skolae programa, eta salaketa aztertzen jarraituko du auzitegiak.

Ehun ikastetxetan jarria dute abian Skolae, eta eskola publiko guztietan ezartzeko asmoa du gobernuak. Itunpekoen kasuan, ez dute Skolae bera derrigor ezarri beharko, baina bai hezkidetza proiekturen bat. Eskuineko sektoreek salatu dute "haurrak doktrinatzea" dela Skolaeren helburua, eta polemika handia eragin dute.

Hezkuntza Departamentuak jazarpena salatu du Skolaerekin lotuta; besteak beste, eduki pornografikoak dituzten gutunak jaso zituzten. Gogoan izatekoa da Maria Solana kontseilaria polizia babesarekin dagoela. Jasaten ari diren egoera salatu zuen BERRIAn egindako elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.