Argudioak errepikatu dituzte hitzaldiz hitzaldi, zer kalte ekarriko duen berretsi dute, baina horren aurrean zer egin, horretan ez dira ados jarri. Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura berezia egiten ari dira hezkuntza erreformatzeko LOMCE legeari buruz. Bihar dute onartzekoa arau hori Espainiako Kongresuan, PPren gehiengoaren eskutik.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak nabarmendu du atzerapausoa ekarriko duela erreformak, eta orain arteko argudioak errepikatu ditu: eskumenak urratuko direla, euskarari zeresan gutxiago utziko diola, "neurri atzerakoiak" dituela... Negoziazioaren bideari heldu zion hasieran EAJren gobernuak, baina alferreko bidea izan da; Madrili egotzi dio horren ardura Uriartek. Auzitegien bidea jorratu nahi du orain: legea onartuta, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko du Jaurlaritzak. Gainera, atea irekita utzi dio legearen ondoren Espainiako Gobernuak egingo dituen dekretuak ere auzitara eramateko.
Uriarte: "Negoziaziorako aukerak agortuta daudenean, beste urrats bat egingo dugu: helegitea jarriko dugu Konstituzionalean". #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
Legea agindutako epeetan martxan jartzea ezinezkoa dela uste du Uriartek, diruari eta denborari erreparatuta. Eragileekin batera garatzen hasitako Heziberri 2020 proiektua hartu du ardatz hitzaldian. Eskumenak “ahalik eta gehien” garatzea du xede proiektu horrek, Uriarteren arabera. Eragileekiko elkarlana nahitaezkotzat jo du, eta iragarri du beste bilera bat egingo dutela aurki.
Heziberri 2020rekin, "ahalik eta gehien" garatzen saiatuko dira eskumenak, betiere "segurtasun juridikoz". #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
EH Bilduren ekimenez egin dute gaurko bilkura. LOMCE ez ezartzeko eskatu du koalizio horrek, eta konpromisioak hartzeko. Herritarrak aurka daudela nabarmendu du EH Bilduk, azken inkesteko datuak eskuan —%5 soilik erreformaren alde—, eta parlamentuko gehiengoa ikusita. “Zer gehiago behar da planto egiteko?”. Jaurlaritzak abiarazitako Heziberri 2020 egitasmoa ez dela aski izango ohartarazi du Belen Arrondo parlamentariak.
Heziberri 2020 planak ez duela LOMCE saihestuko ohartarazi du Arrondok. "Ez da nahikoa izango. Konpromisorako prest gaude". #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
Proposamen zehatz gisara, lantalde bat sortzea jarri du mahai gainean EH Bilduk. Talde politikoak eta hezkuntzako eragileak elkartuko lituzkeen lantalde bat, LOMCEri nola aurre egin adosteko.
Lehen proposamena EH Bilduk: lantalde bat sortzea, talde politiko eta eragileekin, erreformari aurre nola egin adosteko. #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
Elkarlana ezinbesteko dela nabarmendu du EAJko parlamentari Jone Berriozabalek ere. Jeltzaleek bi proposamen jarri dituzte mahai gainean: batetik, helegitea jartzea; bestetik, Heziberri 2020 garatzen joatea. Nolanahi ere, ohartarazi du “segurtasun juridikoari” eutsi behar zaiola. Intsumisiorik ez, beraz.
EAJren proposamenak: 1. helegitea. "Badakigu ez dituela gure arazo guztiak konponduko. Aukera bat da". #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
EAJk ohartarazi du ez duela zalantzan jarriko "segurtasun juridikoa". Intsumisioari erabat atea itxi dio, beraz. #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
PSE-EEk ere auzitegien bidea jorratu nahi du. Hala ere, Jaurlaritzaren jarrera salatu du Isabel Zelaak, esanez epelegi jokatu duela Madrilekiko: “Erantzun irmoa eman behar da”. Legeak eragina izango duela aitortu du Zelaak, baina itxaropena du Madrilen gehiengoa aldatzean egoera aldatuko dela.
Zelaaren proposamenak: 1. Erantzun "irmoa" Jaurlaritzak. "Gure eskumenak defendatu". Baina legea betez, betiere. #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
Zelaaren proposamenak: 2. helegitea jarri legeari, eta ez garatu beharrezkoa ez den lege atalik. #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
Zelaaren proposamenak: 3. legea bertan behera utzi. PPk gehiengoa galdu orduko hori gertatuko dela berretsi du. #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
UPDko parlamentari Gorka Maneirok ere salatu du Werten erreforma. Atzerakada ekarriko duela nabarmendu du behin eta berriro: banaketa goiztiarra, erlijioaren zeresana, sare pribatuari mesede egingo diola... Beste talde batzuen argudioak ez ditu ontzat jo, ordea. Eskumenen gaia, adibidez. Ohartarazi du Espainian “hamazazpi sistema” daudela gaur egun, erkidego bakoitzak berea duela. Hori txarra dela uste du. Jaurlaritzak abiatutako bidea ere ez du ondo ikusten, eta “doktrinamenduaz” ohartarazi du.
Maneiro, esanez kaltegarri dela eskumenak autonomia erkidegoek izatea. "Erdipurdikokeria" ikusten dio hezkuntza sistemari. #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013
PP bakarrik geratu da Eusko Legebiltzarrean ere. Legearen defensta egitea Iñaki Oiarzabali egokitu zaio. “Defendatzera natorren LOMCE ez da aurrez egin diren karikaturen gisakoa”, esan du hasieran. Hezkuntza zentralizatzeko legea ez dela izango nabarmendu du, eta “Espainiaren interes orokorra” duela helburu.
Oiarzabal: "Espainiarako legea da, ez bakoitzak bere txosna izateko. Espainiaren interes orokorra du helburu". #LOMCEriEZ
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) November 27, 2013