Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Odon Elorza. PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua

«Auzitegien erabakiek baldintzatuko dute bake prozesuaren kudeaketa»

Elorzaren arabera, ETAren jardun armatuaren amaierak aro berri bat irekiko du euskal politikagintzan; testuinguru horretan PSE-EEren eta PPren arteko itunak lekurik ez duela uste du.

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Beste hauteskunde batzuekin konparatuta, PSE-EEren Gipuzkoako egoitzan ez da hauteskunde girorik nabari. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan jaso zuten kolpea «gogorra» izan zela dio bertako langile batek. Han hartu du BERRIA Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak (Donostia, 1955).

Hauteskunde kanpainako sozialisten helburua PPren gehiengo absolutua saihestea izango litzateke?

Bai. Ez badugu gure helburua betetzen, bai.

Eta ondoren zer?

Emaitza on eta duin bat lortu behar dugu, hauteskundeen ondorengo egunean porrotaren sentsazioa izan ez dezagun eta amildegian eror ez gaitezen; alderdi barruan inor has ez dadin zenbait gauza zalantzan jartzen edo maltzurki jokatzen. Estatu mailan,alderdi sozialistan trantsizio bat ahalbidetu behar dugu alderdia berpitz dadin, barne erregenerazio bat eman dadin. Galdu edo irabazi, azaroaren 21ean hasiko gara pentsatzen alderdi sozialista nola berritu.

Egoera honetan nola ikusten duzu EAJ?

Kanpaina honetan ez gara EAJz hitz egiten ari, eta ez dugu egingo. Amaiur da haien aurkari zuzena, independentismo erradikala. Ezker abertzalea, gainera, gaur egun ezin da ETArekin lotu, inolaz ere; hor daude EA, Alternatiba, Aralar. Beraz, arerio zail bat dute aurrean, eta haien egoera oso-oso konplexua da. Guk EAJren egoera errespetatzen dugu, eta ez dugu inolako asmorik haien aurka jotzeko. Benetan diot: lehia horretatik ez dugu ia ezer irabazteko. Gure aurkari nagusia PP da, Espainian eta hemen. Bake prozesuaren etorkizuna dago jokoan, han eta hemen. Horregatik, niretzat oso garrantzitsua da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PPri irabaztea.

EAJrekin etorkizunean izan ditzakezuen harremanengatik diozu hori?

Guk, gure aldetik, azaroaren 20ko hauteskunde jokalekua aztertuko dugu, eta hortik aurrera ikusiko dugu, ondo eztabaidatutako estrategia baten bidez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako geratzen den denboran zein bide egingo dugun. Hauteskunde horiek oso garrantzitsuak izango dira; hiru alderdi horietako edozeinek irabaz ditzake bozak: Amaiur edo une horretan daukan izenarekin eta Otegirekin, eta gu Patxi Lopezekin.

Egia al da, El País egunkariak argitaratu duen moduan, Lopezek Urkulluri proposamen bat egin diola «akordio instituzional bat» egiteko?

Ez du oinarririk; ez da egia. Pentsatu nahi dut EAJk elkarrizketa horretako benetako edukia gaizki helarazi zuela. Bilera hartan EAJri eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzarekin duen harremana indartzeko, bereziki garai berri honi begira. Baina ez zen sakoneko aldaketa estrategiko bati buruz hitz egin. Azaroaren 20ko emaitzen ostean ikusi beharko dugu zer estrategia zehazten dituzten alderdi guztiek, gu barne.

Raxoiren garaipenak EAEko PP indarberritu eta alderdi horrek egun Eusko Jaurlaritzan duen boterea indartuko lukeela uste duzu?

PSE-EEren eta PPren bideak banatzen hasi dira bereziki ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri ondoren. Mugarri bat izan da bi alderdien arteko itunean. Akordio hori une zehatz batean egin zen: Ibarretxeren planak sortu zuen gizarte zatiketa, ETAren T4ko atentatuak eragindako frustrazioa... Orain egoera erabat aldatu da, eta, nire ustez, itun horrek ez du lekurik ia. Zein neurritan joango diren bereizten PSE-EEren eta PPren diskurtsoak eta estrategiak? Azaroaren 20ko bozetan Euskadin eta estatuan lortzen diren emaitzek markatuko dute hori. Desadostasunak handitzen joango dira. Eta ni gogoz nago hori gerta dadin.

Konfiantza duzu gatazkaren konponbidean Raxoik eman ditzakeen pausoen inguruan?

Urratsak egingo direla? Bai, egin beharko ditu. Baina ez daukat batere konfiantzarik Raxoirengan. PPn lan handia egin beharko dute orain arte mantendu dituzten muturreko jarrerak aldatzeko eta alderdi barruan duten arazoa konpontzeko. Denbora beharko dute; arazoak izango dituzte, eta ez nuke baztertuko zatiketa bat PPren barruan.

Eta Rubalcabak irabazten badu?

Argi dago arlo honetan ere Rubalcaba eta Raxoi ez direla gauza bera. Azken legealdian gogor egin dute Rubalcabaren aurka, baina hark egindako lanari esker iritsi gara gauden egoerara. Eskuin mutur mediatiko horretatik jaso dituen eraso eta presioak direla eta, zuhurtzia eta diskrezio handiz jokatu behar izan du Rubalcabak.

Gatazka politikoa konpontzeko, alderdien mahai bat osatu beharko litzateke?

Gatazkaren oinarrizko elementua izan da ETAren jarduera terrorista. Baina euskal abertzaletasunaren aldetik badago konpondu gabeko aldarrikapen bat,eta horri irtenbide bat eman behar zaio. ETArik gabe, eztabaida horrek jarraitu egingo du, dimentsio handia duelako. Baina arazoari heltzeko beharrezkoa da denbora tarte bat: euskal gizarteak elkarrekin bizitzen ikasi behar du, hain errotuta dauden zauriak sendatu behar ditu, biktimen gaia behar bezala konpondu behar da, presoen auzia... Horiek dira lehentasunak. Denbora honetan gisa horretako aldarrikapenak sartzeak (estatus berri bat, autodeterminazioa, kontsultak) ez lioke mesederik egingo bake prozesuari. Une honetan ez dago baldintza egokirik eztabaida hori egiteko. Zoru politiko egoki bat finkatu behar da horretarako. Denbora bat behar da alderdi guztiak gai izan daitezen arazo honen aurrean euren planteamenduak zehazteko eta, ondoren, eztabaida eraikitzaile bat egiteko.

Eta presoen auzian zer egin behar da, zure ustez?

Bozak pasa ondoren, berehala heldu beharko zaio gaiari. Alderdi politikoen elkarrizketan oinarrituta, modu orokor eta egiaztagarri batean hasi behar da presoak hurbiltzen. Gaixotasun larriak dituzten presoak hurbiltzen hasi dira; nik hori hala dela ziurta dezaket, nahiz eta gobernuak horretaz ez hitz egin. Presoentzako onurak, Parot doktrinaren indargabetzea... horri guztiari heldu beharko zaio derrigor.

Biktimen alorrean, egin daiteke kontakizun bakarra? Beharrezkoa da?

Ezinezkoa da kontakizun bakarra. Ezker abertzalea berea eraikitzen ari da, eta beste indarrak ere beren kontakizuna helarazten ari dira, eraikitzen ari dira. Kontakizun bat eraiki eta gizarteratzeko orduan oso garrantzitsua da gobernuetan (udal gobernuetan, diputazioetan, Eusko Jaurlaritzan...) nor dagoen. Hori hala, saihetsezina izango da kontakizun bakarra egitea. Kontua da kontakizunen arteko puntu komunak bilatzea eta kontakizun horiek egunerokotasunarekin lotzea, eraiki behar dugun zoru demokratikoan errotzea.

Aurrera begira, non ikusten duzu oztopo nagusia?

Bake prozesuak aurrera egiteko, borondate politikoen gainetik, garrantzi handia izango dute auzitegiek. Garrantzi handiko erabaki judizialak daude oraindik mahai gainean: Bateragune auzia, Sorturen legeztatzea, Parot doktrina... eta oraindik zintzilik dauden hainbat eta hainbat sumario. Auzitegien erabakiek baldintzatuko dute trantsizio politikoa eta, beraz, bake prozesuaren kudeaketa.

Egoera berri honetan lekurik ba al du Auzitegi Nazionalak?

[Isilunea] Ez dut galdera hori erantzungo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.