Auzitegiko medikuek Orueren tortura salaketari sinesgarritasuna eman diote

2005ean Maite Orue torturatu zutelakoan, Espainiako bost polizia epaitzen hasi dira Madrilgo auzitegian

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Berriemaile berezia / Madril
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Maite Orue torturatu izana egotzita, Espainiako bost polizien aurkako epaiketa hasi zuen atzo Madrilgo Lurralde Auzitegiak. 2005eko uztailaren 27an atxilotu zuten Orue, ETAri laguntza ematea egotzita, eta hiru egunez eduki zuten inkomunikatuta. Egun horietan torturak jasan zituela salatu zuen. Bost urte igaro diren arren, ondorenak oraindik agerikoak dira: atzo ez zen gai izan epaiketara joateko. Ez zutela torturatu adierazten saiatu ziren polizien abokatuak. Baina 2007an, auzitegiaren eskariz, Orue psikologikoki aztertu zuten auzitegiko medikuek sinesgarritasun osoa eman diote gernikarraren testigantzari.

Jose Luis Cardenas eta Maria Eugenia Abasolo auzitegiko medikuek Orueren egoera psikologikoari buruzko perituen txostena egin dute auzitegiak hala eskatuta. 2007an egin zuten hori, eta «zalantzarik gabeko ondorioak» jaso nahian, hirutan aztertu zuten gaztea. «Berak azaldutakoa erabat uztargarria da bere egoerarekin», laburbildu du Abasolok bien iritzia bideokonferentziaz.

Baieztapenaren borobiltasuna ikusita, Orueren egoera psikologikoa ez ote zuen atxilotu izanak berak eragin galdetu zien behin eta berriz estatuaren abokatuak bi auzitegiko medikuei, tortura salaketa gezurra izan zitekeela iradokita. «Berak esandakoa bat dator bere egoera klinikoarekin; hori da baieztatu dezakeguna», erantzun zuen berriz.

Epaiketa iristear zela eta horrek Orueren osasun egoera okertu zezakeela aurreikusita, azken lau asteetan Orue artatzen aritu da Oihana Barrios psikologoa, eta Barriosek argi azaldu zuen epaiketa bezperan gernikarrari gertatu zitzaiona: «Egunotan trauma ondorengo estresaren sintomak berpiztu zaizkio, eta hori normala da 2005etik muturreko estres egoera gainditu gabe badu».

Bezeroak kontatu zizkion tratu txarren berri eman zuen psikologoak: etengabe jo zutela, erabat umiliatu zutela eta sexu erasoak egin zizkiotela. Bortxatuko zuten mehatxuak egin, lizunki ukitu eta galtzak jaitsiko zizkioten imintzioak egin zituztela.

Kontakizunari erabateko sinesgarritasuna eman dio psikologoak, eta esan du torturak jasan dituztenen sintomatologia jasotzen duen Estanbuleko protokoloa «erabat betetzen» duela. Bestalde, estatuko abokatuaren galdera zorrotzari erantzunda, bost urteren ondoren ikusi dion sintomatologia antzeztea ia ezinezkoa dela azaldu du.

«Zauria ez zen sakona»

Atxilotua zutela Madrilen artatu zuen auzitegiko medikuak ez die horrenbesteko sinesgarritasunik eman entzundakoei. Oruek kontatu zion jo egin zutela, iraindu egin zutela eta iletik tira egin ziotela, auzitegiko medikuak berak adierazi duenez. Baina gernikarra «sendo» ikusi zuela eta ez duela uste etengabe torturatu zutenik azaldu du epaiketan.

Atxilotuari ikusi zionaren berri ematerakoan ia ahaztu duen arren, eskumuturrean ebakia zuela baieztatu du. Atxilotua ziegako baldosa bat lurretik askatu eta harekin zainak mozten saiatu zela, «baina zauria ez zen horren sakona». Poliziek abokatuaren presentziarekin egindako bi galdeketetan ofiziozko abokatu gisa aritu zenari gauza batek eman zion atentzioa: «Lehenengo deklarazioan ez zuen deklaratu nahi izan, eta harritu egin ninduen gero iritziz aldatzea. Arraroa da ez deklaratzea erabakia duenak bat-batean 'orain deklaratu nahi dut' esatea».

Akusatutako poliziek ukatu egin zituzten akusazio guztiak. Haien defentsarako lekuko gisa joan zirenek adierazi zuten torturak jasan dituztela esatea ETAren agindua dela.

Orue ez beste lekuko eta perituen azalpenak entzunda, abenduaren 9ra arte eten zuen saioa epaileak. Egun horretan espero da saioa amaitzea. Defentsak absoluzioa eskatu du. Fiskalak eta estatuaren abokatuak ez dute zigorrik eskatu. Akusazioak, berriz, bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du: seina urtekoa torturengatik eta hirunakoa lesioengatik. 12 urteko inhabilitazioa eta biktimari 18 hilean eguneko 50 euro ordaintzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.