Gorka Espiau. 'Pluja seca' dokumentalaren egilea

«Azaldu beharra zegoen Hegoafrika, Irlanda eta Euskal Herriaren lotura»

Asteazkenean estreinatu du Kataluniako TV3 telebistak Euskal Herrian bitartekari lanetan jardun dutenen edo dihardutenen egitekoa azaltzeko Gorka Espiauk egin duen dokumentala.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Une egokian iritsi da Pluja seca -ren estreinaldia. Euskal Herriko politikagintza mugitzen ari denean eta Nazioarteko Harreman Taldearen bisita baino egun batzuk lehenago. Ez zen horrelakorik inondik espero, ordea, Gorka Espiauk (Bilbo, 1972) proiektua abiarazi zuenean, Espiauk berak aurreikusten bazuen ere. TV3koak konbentzitu eta urtebetean garatu du proiektua; esker oneko hitzak besterik ez ditu Espiauk telebista katearentzat.

Urtebete behar izan duzue dokumentala egiteko. Lan handia ikusten da atzean.

Hegoafrikan, Irlandan, Londresen, Euskal Herrian... oso abentura polita izan da. Lan handia. Hogeitik gora lagun elkarrizketatu ditugu eta hori ez da normala dokumental batean; gainera, pisu handiko jendea da. Lan horrek dokumentalean eragina izan du, eta hainbat iritzi egon daitezke, bainaezin da ukatu lan serioa dagoela atzean.

Minutu asko geratu dira kanpoan?

Bazegoen materiala hiru dokumental egiteko. Horrelakoetan askotan gertatzen da. Baina guretzat garrantzitsua zen bidaia hori egitea: Hegoafrikan hasi, Irlandatik igaro eta Euskal Herrian amaitzea. Bidaia hori ikusleak ere egiten du, eta Euskal Herriko zatia ulertzeko, beste bi herrialdeetatik igaro behar da lehenbizi, eta hori lortu dugula uste dut.

Hiru gatazken arteko bidaia, eta protagonistek hiru gatazketan duten lotura ikusten da dokumentalean.

Dokumentalaren alde interesgarriena zen istorio hori kontatzea, Hegoafrikan hasi, Irlandara igaro eta Euskal Herrian amaitzen den istorioa. Kontatzea lotura horiek nola sortu diren eta nola den posible Hegoafrikako eta Irlandako jendeak hemen amaitzea eta nola izan den prozesu bat: Hegoafrikan hangoek beren lana egin zuten lehenbizi, gero Irlandako jendeak Hegoafrikatik ikasi zuen, eta Euskal Herrikoak, bi herri horietatik. Horrek ez du esan nahi kopiatzen ari garela, baizik eta ikasten ari garela gure egoeretara ekartzeko.

Metodologiak egokitzea.

Hori da kontua, beti daude gauzak ikasteko, metodologiak eta ideiak. Egokitu egin behar dira, ezin da ezer egin mimetikoki, baina uste dut arlo guztietan horrela aurreratzen dela.

Brian Currinek jasotako ETAren gutun faltsu batekin hasten duzu kontaketa.

Gutunak azaltzen du oso ondo lotura hau: nola den posible abokatu hegoafrikar batek horrelako gutun bat jasotzea. Aitzakia oso ona da gero istorioa kontatzeko. Inportantena ez da gutuna bera, baizik eta horren atzean dagoena, eta uste dut ikuslea ondo kokatzeko tresna baliagarria izan dela.

Bitartekariek ideia argiak adierazten dituzte; hemengo politikari askorentzat batere atseginak ez direnak ideia batzuk, bidenabar esanda.

Bakoitzak egin behar du interpretazioa. Nabaria da pertsona hauen apustua ez dela hemen ikusten ari garen apustu politikoa. Han ikusten den lidergoa ez da ikusten Euskal Herriko politikan. Baina zeregin desberdinak dira; ez da gauza bera bitartekari izatea edo politikaria izatea.

Astelehenean etorriko da Euskal Herrira Nazioarteko Harreman Taldea. Zer zeregin bete dezakete?

Orain arte bezala izango da ziur asko. Gauzak errazteko, jendea harremanetan jartzeko, dokumentalean esaten duten bezala Tea maker lana egiteko, tea egiteko zeregina, hau da, lekuak eta baldintzak sortzea hemengo politikariek hitz egiteko. Hemendik aurrera hori izango da haien lana, eta hori eskertzekoa da.

Bete ahal izango dute?

Aldaketa garaia da. Aste honetan ikusi duguna ziur asko gutxik espero zuten eta etorkizunean ere horrelako gauza berriak ikusiko ditugu. Nik espero dut PP ere bide horretan aurkitzea.

Espainiako Gobernuak, ordea, ez du nazioarteko bitartekaritzarik nahi.

Ziur asko, orain arte bezala, Madrilen jarrera izango da bitartekarien lanari garrantzia kentzea. Baina, batzuetan, ezer ez dagoela iruditu arren, ezkutuan izugarrizko komunikazioa eta harremanak daude.

Barajasko atentatuaren ostean bezala?

Dokumentalean oso argi ikusten da Barajasko atentatua izan zenetik lau hilabetera bilera bat egon zela, eta ez edonorekin, baizik eta Tony Blairren aholkulari nagusiarekin. Horregatik, horrelakoak etorkizunean ikustea ez da batere harrigarria izango.

Orain hasi den etapa berriak ere ematen du dokumental bat egiteko adina.

Etapa berri eta oso interesgarria hasi da. Garrantzitsua izango da ez bakarrik kontatzea, baizik eta egiten den dokumentalak kontatzeaz gain gogoeta bultzatzea. Eztabaida publikoan ez dauden gogoetak plazaratzea. Etapa berri honetan horrelako hausnarketak eta ekarpenak egin beharko dira, orain zabaltzen diren dilemak funtsezkoak izango baitira etorkizunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.