Azalpenak eskatu dituzte Falangeak deitutako bilkura baimentzeagatik

Aske dira ostiraleko istiluetan atxilotutako hamabost lagunak; Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi du Bilduk

Herritarrak protestan, ultraeskuindarren elkarretaratzea dela eta, Bilbon, joan den ostiralean. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Bilduk oso larritzat jo du Falangeak eta beste hainbat talde ultraeskuindarrek deitutako elkarretaratzea dela-eta gertatutakoa. «Arduragabekeria da herritarren kontra gogor egiteko agintzea, Madrildik etorritako faxistei alfonbra gorria jartzeko», esan du Bilboko Udaleko Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak. Bestalde, Bilduk berak eta Lau Haizetara Gogoan plataformak EAEko Hauteskunde Batzordearen, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren jokabidea salatu, eta azalpenak eskatu dizkiete «faxistak Euskal Herrian izatea» baimentzeagatik.

Bilboko udaletxe aurrean egindako agerraldian, Ibaibarriagak adierazi du «jakin bezain pronto» debekatu behar zutela ekitaldia Hauteskunde Batzordeak zein Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Izan ere, Bilduko zinegotziak gogoratu du euren Interneteko atarian onartzen zutela ultraeskuindarrek zein ziren ekitaldiaren helburuak: «Euskal Herria iraindu eta ezberdinen kontrako indarkeria eta Francoren hilketak gorestea». Gainera, Ibaibarriagak esan du «bere benetako aurpegia» erakutsi zuela Ertzaintzak, «armaz josita etorri zirenen aurka egin beharrean, babestu behar zirenen aurka» jo zuelako.

Lau Haizetara Gogoan plataformak ultraeskuindarren deialdia debekatzeko eskatu zuen Bilboko Zaintza Auzitegian, eta Hauteskunde Batzordearekin, EAEko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin eta Bilboko Udalarekin ere jarri zen harremanetan. Hala ere, salatu dutenez, inork ez zien kasurik egin. Arduragabekeriaz jokatzea egotzi diete guztiei, eta «natural eta demokratikotzat» jo dute herritarren erantzuna.

«Nahikoa hemengoekin»

«Nahikoa zoro badugu hemen, gainera Madrildik hiru autobus bidaltzeko», esan du Bilboko alkate Iñaki Azkunak, Hispanitatearen Eguneko istiluen inguruan. Azkunak gaineratu du ez duela ulertzen nola ez zuten debekatu ekitaldia istiluak sortuko zirela jakinda. «Erabaki batzuk ulertezinak dira, legezkoak izan arren», esan du, baina ez du zehaztu nork hartu beharko lukeen halako erabaki bat. Bilduk, aldiz, uste du udalak ere bazuela erantzukizunik. Izan ere, Ibaibarriagak jakinarazi duenez, bozeramaileen batzordea biltzeko eskatu zuten, udalak ere memoriaren aldeko taldeen eskakizunekin bat egin zezan. «Erantzuna ezezkoa izan zen», argitu du zinegotziak.

Bestalde, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, libre dira ostiraleko istiluetan parte hartzea leporatuta atxilotutako hamabost lagunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.