EUSKO IKASKUNTZA

Azaroaren 23an egingo du Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko kongresua

Egun horretan itxiko du 18. kongresua, Oñatin (Gipuzkoa). Aurretik, bost saio egingo dituzte Baionan, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian. ‘Geroa elkar-ekin’ leloa izango du kongresuak.

Donostiako Miramar jauregian aurkeztu dute kongresua. JON O. URAIN
jon olano
2018ko maiatzaren 22a
11:56
Entzun

Ehun urte dira Eusko Ikaskuntza sortu zenetik, eta erakundeak gaur aurkeztu du, Donostian, mendeurrenez egingo duen kongresua. Oñatin (Gipuzkoa) izango da itxiera saioa, azaroaren 23an, baina beste bost saio egingo dituzte aurretik, arloka: irekierakoa Baionan, urriaren 5ean; euskarari buruzkoa Gasteizen, urriaren 19an; gizarteari eta kulturari buruzkoa Iruñean, urriaren 26an; garapen sozioekonomikoari buruzkoa Bilbon, azaroaren 9an; eta gobernantza demokratikoari buruzkoa Donostian, azaroaren 16an.

Kongresu osoaren helburua da “Euskal Herriak aurrean dituen kezka eta erronkei erantzungo dieten agertoki eta aukerak aurkeztea kongresuan, eta eztabaida gaietan sakontzen jarraitzeko lan agenda bat zehazteko konpromiso sozial-instituzionala lortzea”. Funtsean, “XXI. mendeko euskal gizartearen kezka eta ardurei erantzuteko balio izango duen konpromisoa eta lan agenda lotzea, ahalik eta eragile sozial, politiko eta instituzional gehienen babesarekin”. Iñaki Dorronsoro erakundeko presidentearen hitzetan, “XXI. mende honen gizarteak nahi dituen eskenatokiak sortzea” da asmoa, aipatutako bost gairen inguruan.

Bi urte eta erdiko bidea egin du Eusko Ikaskuntzak, zenbait galderari erantzuteko: “Galdera batzuetatik abiatzen gara: nora goaz euskal lurraldeak? Non kokatu behar dugu munduan XXI. etorkizunean? Nola sakondu elkarlanean, bizikidetzan, kohesioan?”. Orain arte eginiko herritarren mahaietan, 800 lagunek baino gehiagok hartu dute parte hilabeteotan, eta horren ondorio da gaur aurkeztu duten Liburu Berdea. “Abiapuntua” eta “lan tresna bat”, Beatriz Akizu kongresuko Batzorde Zientifikoko bozeramaileak azaldu duenez. “Begirada ideologiko anitzak” eta “lurralde narratiba ezberdinak” jaso dituzte liburuan, diagnostiko gisa.

Testu propositiboa, Liburu Zuria, kongresuan aurkeztuko dute. Bertan jasoko dira Liburu Berdean jasotako ideiei erantzuteko aukerak eta proposamenak eta asteotan egiten ari diren foroak: “Horretarako, herritarren, eragile sozial eta politikoen, adituen eta instituzioen inplikazioa bilatu da, etorkizuneko lege garapenaren funtsezko oinarriak era egituratuan eta nazioartearen onarpenarekin biltzea baita helburua”.

Kongresuaz gain, ordea, mendeurrena ospatzeko beste ekitaldi batzuk ere prestatu ditu Eusko Ikaskuntzak. Ekainaren 2an izango da aurrena; bertan omenduko dituzte erakundearen orain arteko presidenteak eta hura birfundatu zuten 150dik gora bazkide. Gainera, Oñatiko Udala EIko ohorezko bazkide izendatuko dute. Bestalde, ia prest dute liburu bat, Euskal Herriaren azken ehun urteotako historiari buruzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.