AHTaren lanak. Eragin ekonomikoa

Azkar bai, baina nora?

Abiadura handiko trenaren alde egindako apustua ekonomiaren ikuspegitik okerra dela diote zenbait ekonomia adituk. Proiektu batzuk ezingo direla bukatu uste dute.

inaki petxarroman
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ekonomia aditu batzuek ohartarazi dute AHTaren alde egindako apustuak «hondamendi ekonomikoa» dakarrela. Germa Bel i Queralt ekonomialari eta politikari ohi katalana horietako bat da. «AHTa inbertsio politikoa da, ikuspegi ekonomikotik inolako zentzurik gabea». Bel i Queralt Espainiako Garraio eta Lan Publikoetako Ministerioaren aholkulari izan zen 1990eko hamarkadan eta Espainiako diputatu 2000ko hamarkadan, PSC-PSOE alderdiarekin. «Abiadura handiko trenak populazio handiko hirietan bakarrik du zentzua, Parisen eta Japoniako hirietan esaterako», esan dio adituak Avui egunkariari. Bere ikuspegia zabal aztertu du, besteak beste, España, capital Paris liburuan.

Roberto Bermejo EHUko Ekonomiako irakaslea bat dator: AHT linea batek errentagarritasun ekonomikoa lortzen du lehenengo urtean hamar milioi bidaiari erakartzen baditu. Madril eta Bartzelona artean —Espainiako Estatuan bidaiari gehien dituen zatian— 5,8 milioi bidaiari ibili ziren lehenengo urtean. Hego Euskal Herrian, Sustapen Ministerioak egindako proiekzioen arabera, bost milioi bidaiari mugituko dira linea berrietan.

Frantzian bidaiari/kilometro ratioa 41,5ekoa da. Espainian, berriz, 2,8koa. Madrilek barne produktu gordinaren (BPG) %2a bideratzen du azpiegitura handietarako. Europako Batasunak, berriz, %1 batez beste. Konparazio baterako, Alemanian %0,6 eskaintzen diote atal horri, nahiz eta BPGa Espainiarena halako hiru izan. Dagoeneko, AHTrako 1.800 kilometro daude zabalik Espainian eta Herrialde Katalanetan, eta 2.200 kilometro eraikitzen ari dira, bi haietan ez ezik, Galizian eta Hego Euskal Herrian ere. Munduan Txina bakarrik dago kopuru horien gainetik: 10.000 kilometro ari dira eraikitzen han.

Mateu Turro Europako Inbertsio Bankuko proiektuen zuzendari ohiaren iritziz, Madril-Bartzelona kenduta Espainiako Estatuan ez dago beste proiektu bideragarririk ekonomiaren ikuspegitik. «Proiektuak berriro planteatu beharko lirateke».

Bermejoren irudiko, gakoa da Espainiako Gobernuak ez duela errentagarritasun inguruko azterketarik egiten inbertsioak martxan jartzeko. «Tren lasterraren aldeko apustua hondamendi bat da Espainiarentzat. Urtero lau milioi euroko dirulaguntza eman behar izaten dio gobernuak Renferi, eta Europako Batasunak lepotik helduko dio egunen batean». Hain zuzen ere, Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo ditu gobernuak Renferen AHT proiektuei azken bost urteotan emandako dirulaguntzak: 4.764 milioi euro, hain zuzen ere.

Kaliforniako estatu federalak (AEB) uko egin dio San Francisco eta Los Angeles arteko AHTaren proiektu bati, ezin delako frogatu errentagarria izango dela. Bi hiri horien artean hemeretzi milioi lagun bizi dira, Euskal Herrian baino sei aldiz gehiago.

Gurean egiten ari diren tren linea guztien aurrekontua 10.000 milioi eurotik gorakoa da. Horri gehitu beharko litzaioke obraren ondoko mantentzea —28.000 eta 33.000 euro artean urteko eta kilometro bakoitzeko, nazioarteko trenbideen erakunde UICen arabera—. Alegia, Euskal Herriko sare osoa egiten bada, urtero hamabi bat milioi euro kostatuko da hari eustea. Gainera, kontuan hartu behar da argindar sarea zaintzeak ere gastuak ekarriko dituela eta tunel barruko mantentze lanak askoz ere garestiagoak direla.

Portugalgo Gobernuak, adibidez, berriki jakinarazi du bertan behera utzi duela Lisboa eta Madril arteko AHTa, ekonomikoki ezin diolako eutsi. Bada, proiektu hori 9.000 milioi eurokoa da.

Bermejok argi adierazi zuen bere iritzia, maiatzean Iruñean emandako hitzaldi batean: «Azpiegitura asko ez dira amaituko, Espainian krisia asko okertuko baita hurrengo urteotan. Nire hipotesia da linea asko ohiko trenbide bihurtu beharko dituztela, hori ere kostu handikoa izango bada ere». Bermejoren ustez, geroa AHTaren aurka doa. «Iritsiko da politikariek arrazionaltasunez jokatuko duten eguna. Herritarrei oinarrizko zerbitzuak kentzen ari zaizkion herrialde batek luxuzko trenetan dirua xahutzen jarraitzea sinestezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.