Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak izan da gaur sanferminetako bosgarren entzierroan. Entzierroak 3 minutu eta 12 segundo iraun ditu, eta hasiera batean zauritu larririk ez zela uste bazen ere, ez da horrela izan; hiru korrikalari eraman dituzte larrialdi zerbitzuek ospitalera, denak kolpea hartuta. Horietako bat ia konorterik gabe iritsi da, buruan hartuta kolpea.
Bost zezen beltz eta zuri bat atera dira gaur entzierrora, eta beltzetako batengatik ez balitz, aurtengo entzierro azkarrenetakoa izango zen gaurkoa. Bizkor ibili dira zezenak. Zuria, esate baterako, azkenetakoa atera da Santo Domingoko ukuiluetatik, baina Santo Domingo kalearen amaieran adardun taldearen aurrealdean zen, beste zezen beltza batekin batera.
Eroriko asko
Erorikoak izan dira gaur ere protagonista; atzo, zezen-plazarako sarreran sortu zen jende pilaketa arriskutsu bat, eta gaur Santo Domingoren amaieran errepikatu da egoera hori, ezker paretan. Zezenek, ordea, aurrera egin dute, elkarrekin, Estafeta kalera iritsi diren arte.
Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean aurretik zihoazen zezen zuria eta beltza erori dira. Taldea bat eginda atera da hortik, baina Estafetan berriro erori da zezen bat edo beste, eta hor sortu dira korrika egiteko tarterik onenak. Korrikaldi dotoreak ikusi dira Telefonican eta zezen-plazarako sarreran.
Entzierroaren amaieran zezen beltzetako bat izan da protagonista, zezen-plazarako sarreran erortzeaz gain, zezen-plazan bertan behin baino gehiagotan erori baita, nekaturik. Altxatzen lagunduta sartu da azkenean ukuiletara.
Uztailak 7. 2:53ko iraupena. Adarkada bat. Ganadutegia: Dolores Aguirre.
Uztailak 8. 2:29. Adarkadarik ez. Ganadutegia: Miura.
Uztailak 9. 3:32. Hiru adarkatu. Ganadutegia: Cebada Gago.
Uztailak 10. 2:20. Adarkaturik ez. Ganadutegia: El Pilar.
Uztailak 11 (gaur). 3:12. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Fuente Ymbro.
Uztailak 12 (bihar). Ganadutegia: Victoriano del Rio.
Uztailak 13 (ostirala). Ganadutegia: Juan Pedro Domecq.
Uztailak 14 (larunbata). Ganadutegia: Torrehandilla/Torreherberos.