Dignidad y Justicia elkarteak hamalauna eta hamabina urteko kartzela zigor eskaera egin zuen atzo Egunkaria-ko zazpi auzipetuentzat, eta gaur Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuak kritikatu egin du eskaera, "astakeria eta neurriz kanpokoa delako", eta "Egunkaria auzia-k aspaldi behar zuen artxibatuta, Egin-enak bezala", adierazi du. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak duela zenbait hilabete hala eskatu zuen, artxibatzeko, auzipetuei zer leporaturik ez dagoelako, "delitu zantzurik ez" baitago.
Herri akusazioetako batek, Dignidad y Justiciak, atzo gauzatu zuen eskaera: hamalauna urte Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Alegria auzipetuentzat, eta hamabina urte Pello Zubiria eta Xabier Oleagarentzat. Gainera, kargu publikorako 15 urteko inhabilitazioa eskatu du lehengo bostentzat, eta 14 urtekoa beste bientzat. "ETAren proiektuko kide" izatea leporatu die.
"Ez du zentzurik demokratikoa dela dioen gizartean iritzi delituak egotea eta hedabideak ixtea. Gainera, bere garaian ixteaz gain, urte batzuetara oraindik ez dakigu zergatik itxi zituzten", esan du Azkarragak.
2003ko otsailaren itxi zuten Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Guardia Zibila erabili zuten ixteko. Zenbait atxilotuk tortura kasuak salatu zituzten. Operazioan Luis Goia ere atzeman zuten (duela urtebete hil zen). Uria eduki zuten denbora gehien kartzelan: 18 hilabetean.
Azkarragak gaur esan du "bertako langileentzat ez ezik, adierazpen askatasunarentzat ere kalterako" izan zela.
Egunkaria auzia
Azkarraga: "'Egunkaria auziak' aspaldi behar zuen artxibatuta"
Dignidad y Justiciak hamalauna eta hamabina urteko kartzela zigor eskaera egin duela-eta zazpi auzipetuentzat, hori "astakeria eta neurriz kanpokoa" iruditu zaio Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu