Azken egunotan adin txikikoetan atzeman dituzte kasu batzuk

Hego Euskal Herrian 21 kasu atzeman dira azken orduetan. Nafarroako osasun zuzendariak adierazi du bertan erregistratutako kasuetatik bakarrak duela lotura iparraldean eta Iruñerrian egon den hazkundearekin.

Hiru haur jolasean, Iruñeko kaleetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko ekainaren 23a
13:29
Entzun

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian gobernu bileraren ostean, eta ohartarazi du azken egunotan adin txikikoengan atzeman dituztela COVID-19 kasu batzuk; esate baterako, atzo bi kasu identifikatu zituzten. «Urtebete baino gutxiago duten adingabeak identifikatzen ari gara, eta horrek atentzioa eman digu». Gehitu du haurrek, oro har, ez dutela gaixotasunaren sintoma larririk izaten, baina egon daitezkeela kasuak. Beraz, haurrak «babestu» behar direla nabarmendu du osasun sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, azken orduetan beste 21 positibo erregistratu dira Hego Euskal Herrian, herenegun baino zazpi gutxiago: Araban bat, Bizkaian hiru, Gipuzkoan lau eta Nafarroan hamahiru. Pertsona bat hil da. Murgak adierazi du Gipuzkoako kasuetako bi Orioko kasuarekin lotuta daudela, baina erantsi du jada bakartuta zeuden pertsonak direla. Gaur-gaurkoz, zortzi dira herri horretan identifikatu dituzten kasuak. Gainera, gehitu du Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaletako fokuak ere «kontrolpean» daudela, eta ez dagoela kasu berririk.

Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak ere azken egunetan lurraldean egon den hazkundea izan du gogoan. Hain zuzen, iparraldean –Doneztebeko osasun eremuan- eta Iruñerrian identifikatu dira gorakadak, baina jakinarazi du azken orduetan erregistratutako kasuetatik bakarra dagoela kasu horiei lotuta. Herritarrei «zuhurtzia» eskatu die: «Egun batzuk itxaron behar da kontaktu horietatik kasu berriak ateratzen diren ikusteko». Haren arabera, datozen asteetan gorakadak egongo dira, «joan-etorri eta harreman sozial gehiago» dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.